Bi asteko tartean eta neguan igo dituzte Khan Tengri eta Pobeda
Protagonistak Sergei Seliverstov, Semion Dvornitxenko eta Mikhail Danitxkin kirgizistandarrak eta Alexei Usatikh errusiarra izan dira. Laukotearen helburua «Elurretako Lehoinabarra» proiektua neguan egitea da. Dagoeneko Lenin, Khan Tengri eta Pobeda igo dituzte.
Nahiz eta oihartzun mediatiko bera ez izan, Tian Shan mendilerroan dauden mendi garaienetan ere neguko jarduera oso interesgarriak egiten dira. Horren adibide da hurrengo protagonistek Khan Tengrin (7.010 m) eta Pobedan (7.439 m) egin berri dutena. Europako mendebaldekoentzat ez dira batere alpinista ezagunak, baina izen eta abizenak dituzte: Sergei Seliverstov, Mikhail Danitxkin, Semion Dvornitxenko eta Alexei Usatikh. Lehen hirurak Kirgizistanekoak dira, eta, laugarrena, Errusiakoa.
Bada, lau alpinistok “Elurretako Lehoinabarra” xedea neguan egin nahi dute. Hots, Sobietar Batasuna izandako bost zazpimilakoak igo nahi dituzte. Momentuz, hiru sinatu dituzte: iaz, Pamirreko mendilerroan dagoen Lenin (7.134 m) eta aipatu ditugun Tian Shaneko beste biak. Lehena, Khan Tengri urtarrilaren 26an, eta, bigarrena, Pobeda, otsailaren 8an. Alpinistok oso eraginkorrak izan dira beraz, hamahiru eguneko tartean bi zazpimilako neguan igo baitituzte.
Horiek dira mendikate horretan ohikoa ez den jardueraren lerroburu nagusiak. Ondoren, protagonistok eurok emango dizkigute egin berri dituzten igoeren argibide nagusiak.
Lehenik eta behin, laukoteak aurreratu digu espedizioa urtarrilaren 13an hasi zutela: «Kanpoan 13 gradu zero azpiko tenperatura egiten zuen. Hotz hori ikusita, ez genuen pentsatu ere egin nahi mendiaren goialdean zer-nolako tenperatura egongo zen. Bizkar-zakuak prestatu ondoren, leretan sartu genituen. Lenin mendian iazko neguan garraio hori erabili genuen, eta aitortu behar dugu ondo funtzionatu zigula. Baina espedizio honetan, ordea, huts egin zigun. Kanpaleku nagusira egin beharreko hurbiltze bideari dagokionez, nahiko ‘erosoa’ izan zen. Uda garaian erreka oztopo izaten da, baina neguan elurrarekin estalita dago, eta kanal perfektu batzuetatik ibili ginen. Baldintza horiei esker azkar mugitu ginen, eta, hala, bost egunen buruan kanpalekua altxatu ahal izan genuen».
Alpinistok diote egin zuten ibilbide horretan guztian hotz handia egin ziela; gehienez, 28 gradu zero azpiko tenperatura. Bederen, eguraldia lagun zuten, eta kanpaleku nagusian tresneria guztia antolatu ondoren, egokitze faseari ekin zioten: «Khan Tengri igotzeko hilabeteko epea hartu genuen. Urtarrilaren 18an martxan ginen. Lehen kanpalekura oso azkar iritsi ginen, baina hurrengo egunetan eguraldiak txarrera egin zuen eta atseden hartu behar izan genuen. Alabaina, 26rako eguraldiak hobera egingo zuela iragarri zuten. Bezperan iragarritako 100 kilometro orduko haizeteak 26an 40 kilometro ordura jaitsiko zirela esan ziguten. Azkenean, eguraldi kaskarrarekin saio bat egitea erabaki genuen».
Kanpaleku nagusia urtarrilaren 24an utzi zuten, eta egun berean 5.350 metrora dagoen lehen kanpalekura heldu ziren: «Biharamuna nahiko lainotua zegoen. Eta txarrena izan zen gauean elur asko bota zuela. Bederen, hotz handirik ez zigun egin. Alabaina, egun gogorra izan zen; izan ere, ‘soilik’ 5.800 metroko kotara iritsi ginen. Bigarren gau hori koba baten barruan igaro genuen».
Hilak 26a gailur eguna izan zen. Eguraldiaren hobekuntza ez zen iritsi, eta laukoteak haizete bolada gogorrak sufritu behar izan zituen: «Kobatik goizeko zazpietan atera ginen. Udan ohiko bidea soka finkoekin hornitzen dute, eta, jumarra erabiltzea oso gustuko ez badugu ere, soka goriek erabili genituen. Tontorrera nahiko berandu heldu ginen; gutxi gorabehera, 16:40ean. Bagenekien gauak harrapatuko gintuela, eta, beraz, atseden handirik hartu gabe jaisten hasi ginen. 6.400 metrora ginela gaua egin zen. Kopetako-argiarekin lagunduta eta arreta handiz beherako bidea hartu genuen; betiere, soka finkoetatik. Gutariko bati kopetako-argia puskatu eta itsuka joan behar izan zuen. Hori guztia gutxi izango balitz, haizeak elurra altxatzen zuen; ia ez genuen deus ere ikusten. Eta, gainera, haizearen bolada indartsuek lurrera botatzen gintuzten. Gure taldeko kideez gain, Kazakhstango beste mendizale batzuk ere gurekin zeuden, eta denok onartu genuen egoera oso larria bizi izan genuela. Zorionez, taldekide guztiok gaueko hamarretarako kobara onik heldu ginen. 28an, berriz, goizeko hamarretan eguna koban igarotzea erabaki genuen. Biharamunean, bai gu geu bai Denis Urubkoren taldeko kideak kanpaleku nagusira heldu ginen».
Hotz handia
Khan Tengri poltsikoratu ondoren, alpinistok Pobeda mendiari begira jarri ziren. Tian Shaneko mendirik garaienak soilik neguko igoera bat zuen: 1990. urtean Valeri Khristxati eta Eduard Milovski kazakhstandarrena.
Protagonistok egun batzuetako atsedena hartu zuten, Khan Tengrin eginiko hiru eguneko jaitsierak leher eginda utzi baitzituen: «Gure aldartea ez zen batere ona, baina argi geneukan Pobedan saiatu nahi genuela. Eta lehen urratsa otsailaren 1ean bertan egin genuen. Biharamunean, eguraldi onarekin 5.100 metroko garaierara heldu ginen. 3an, berriz, lainoa egon bazegoen baina apenas haizerik. 500 metro gehiago igo genituen. Benetako eskalada, 4an hasi zen. Ertza 5.900 metroko altueran hasten da. Lehen metroak ez dira batere atseginak, besteak beste, alboetara seracak daudelako. Gainera, ertzak elur asko zeukan eta elurra ari zuen. Espedizioaren une zailena izan zen; izan ere, puntu horretan eztabaida handiak izan genituen. Elurra botatzen jarraitzen bazuen, handik jaistea oso-oso arriskutsua izango zen. Eguraldi iragarpenari kasu egin genion; esan ziguten beste bi egunez elurra egingo zuela, baino askoz jota 5 zentimetro pilatuko zuela. 5.900 eta 6.200 metro arteko tarte hori nahasia, arriskutsua eta gogorra izan zen. Erlaitz erraldoiak nonahi zeuden, elur aldats pikoei egin behar izan genien aurre... Gaua 6.100 metrora egin genuen».
Otsailaren 5ean, elurrak ez zuen etenik izan. 6.200 metrora dagoen harkaitz triangelua gainditu eta ertzetik jarraitu zuten. Egun horretan beste 300 metro eskalatu zituzten. Hilak 6an berri onak izan zituzten, ez baitzien elurrik egin: «Elur oldeak atzean utzita, elur freskoan ondo moldatu ginen. Pixkanaka gailurrerira hurbiltzen hasi ginen. 7.000 metrora gure azken kanpalekua atondu genuen».
Biharamunean, goizeko zortzietan dendetatik irten ziren. 100 metro igo ondoren, arrokazko tarte zailekin egin zuten topo. 7.200 metrora zirela, “kide” desatsegin batek laukotea bisitatu zuen: haizeak. 41 gradu zero azpitik egiten zituen. Egoera berri hori kontuan hartuta eta 8rako eguraldi hobeagoa iragartzen zutela ikusita, 200 metro jaitsi eta bezperan altxatutako kanpalekuan gaua pasa zuten.
Otsailaren 8an, 12:30ean, protagonistok tontorra zapaldu zuten azkenean. Ondoren, 7.000 metrora antolatutako kanpalekura jaitsi ziren: hirugarren gaua zuten kota horretan. Ia-ia indarrik gabe, beste pare bat egun behar izan zituzten kanpaleku nagusira heltzeko. Denbora horretan elur asko eta hotz handia egin zien.