Jon LEUNDA
Aizkora

Urrezko Binakako txapelak ez dira aurtengoan ere buruz aldatuko

Berriro ere Mugertza II.a eta Atutxa II.a izan dira onenak, eta laugarren urtez jarraian irabazi dute lehiaketa.

Aitzol Atutxak eta Ugaitz Mugertzak irabazi zuten atzo Urrezko Aizkorako Binakako txapela, eta, beraz, aurreko urteetan lortutakoei eutsi egin zieten atzo Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatutako finalean.

Hasteko, 45 ontzako bina enbor moztu behar izan zituzten; aizkolari bakoitzak bana ebaki behar izan zuen. Vicente eta Saralegi izan ziren onenak, lanak minutu eta 25 segundoan amaituta. Atutxak eta Mugertzak hiru segundo gehiago behar izan zituzten, eta 23 segundo gehiago Arriak eta Otaegik.

Ondoren, zutik jarritako 60 ontzako enborra ebaki zuten hiru bikoteek. Mugertzak eta Atutxak 2 minutu eta 18 segundo behar izan zituzten. Hiru gehiago behar izan zituzten Vicentek eta Saralegik, eta 35 gehiago Arriak eta Otaegik.

Gero, tamaina bereko bi enbor moztu zituzten etzanda jarrita. 3.53 izan zen Atutxaren eta Mugertzaren denbora. Otaegik eta Arriak bost segundo gehiago behar izan zituzten, eta Vicentek eta Saralegik 28 gehiago.

Ondoren, 45 ontzakoa zutik jarrita eta kana-erdikoa etzanda jarrita ebaki zuten hiru bikoteek. 2.50 izan zen Atutxaren eta Mugertzaren denbora. Zazpi segundo gehiago behar izan zituzten beste bi bikoteek, berdinduta geratu baitziren.

Azkenik, iraupen proba etorri zen, eta hor lau kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko ebaki zituzten, eta txapeldunak izan ziren onenak. 18.55 izan zen euren denbora, 19.03 Arriarena eta Otaegirena, eta 19.18 Saralegirena eta Vicenterena. Lan guztiak burutzeko 29 minutu eta 24 segundo behar izan zituzten Mugertzak eta Atutxak, 30 minutu eta 22 segundo Vicente II.ak eta Saralegik, eta 30 minutu eta 39 segundo Arria V.ak eta Otaegik.

Aizkora indarrean dagoela argi geratu da Azpeitian

Aizkora indarrean dago, eta argi geratu zen hori atzo Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. 600 ikusle pasa bildu ziren bi finalak ikusteko asmoarekin, eta inor ez zen damututa atera.

Aizkorak beti izan du indarra Euskal Herrian, nahiz eta zenbait komunikabidetatik guztiz desagertuta dagoen. Hala ere, gure herrian ez dira kirol asko aizkora baino jende gehiago erakartzen dutenik.

Egia da gero kirolariek ere erantzun egin behar izaten dutela, eta atzokoan seiek eta baita 23 urtez azpikoek ere erantzun zuten. Hala, bildutakoek lehia apartak ikusi ahal izan zituzten, eta horrek ere laguntzen du.

J.L.