GARA Euskal Herriko egunkaria
sokatira

Ibarrak irabazi du 600eko Euskal Herrikoa


Ibarrak denboraldiko bigarren txapela jantzi zuen larunbat ilunabarrean Lesakan, hantxe jokatu baitzen 600 kiloko finala. Saio bikaina izan zen, tiraldi ederrekin, eta azkenean gipuzkoarrak izan ziren nagusi.

Beti Gazte zen irabazteko faboritoa. Lehen fase handia eginda zetorren, eta finala, gainera, etxean zuen, baina ezin izan zuen lehen postua eskuratu. Azkenean gipuzkoarren atzetik geratu ziren eta bigarren sailkatu ziren. Podiuma Sokarrik osatu zuen, bizkaitarrentzat izan baitzen hirugarren postua.

Hortik atzera, Gaztedi, Ñapurrak eta Murueta A sailkatu ziren. Finala, dudarik gabe, aurtengo politena izan zen, eta bertaratu ziren zaleek ere hori eskertu zuten, maila handiko tiraldiak izan baitziren.

Nesketan, berriz, 375eko bigarren jardunaldia jokatu zen, eta hor lehen jardunaldiko emaitzak errepikatu egin ziren lehen postuetan. Gaztedi izan zen onena, eta atzetik Ibarra, Txantrea, Goiherri eta Berriozar sailkatu ziren. Sailkapen nagusian Gaztedik jarraitzen du lehen postuan, eta txapela lortzetik oso gertu geratu da.

Finalak

Aurrekoetxea anaien uztarriak irabazi zuen larunbatean jokatu zen Euskal Herriko Idi-proba Txapelketako finala. 51 plaza egin zituen uztarri irabazleak. Atzetik sailkatu ziren Biritxinagarena eta Txomin Renteriarena.

Euskal Herriko zaldi-mando proben finala herenegun jokatu zen, eta Kobaren abereak irabazi zuen. 63 plaza izan zen bere marka. Atzetik, Erauskinen eta Patxuaren abereak sailkatu ziren.