Ariane KAMIO
DONOSTIA

Doluan erditu da

Hamarkada bat egin du Maider Zabalegik musikaren etorritik aldenduta, 2004an Alaitz Telletxearekin batera (Alaitz eta Maider) egindako ibilbidea amaitutzat eman ondoren. Dolu prozesu batetik igarotzean sortu zitzaion orain bi urte musikara itzultzeko gogoa, edo beharra, barne leherketa baten ondorio baita orain Elkar zigiluarekin aurkeztu duen «Zuei» disko berria, bakarkako bere lehenengo abentura. Agertokietarako bidean da.

Alaitz eta Maider. Euskal musika dantzagarriaren iruditerian geratu den bikotea da, Maixa eta Ixiar edo Amaia eta Kristinaren gisan soinu txikiaren arrastoan sortutakoa. Oiartzungo bikoteak 1997an atera zuen lehenengo diskoa, arrakasta baten hasiera, 25.000 ale saldu baitzituzten. Bi urte beranduago sortu zuten “Inshala”, eta 2002an hirugarren eta azken lana, “Auskalo”. 2004an, lagunez inguratuta, Oiartzungo Elorsoro kiroldegian egindako kontzertua izan zen bikoteak elkarrekin egin zuen azkena. Ordu hartatik, Maider Zabalegik bizitzaren beste bide batzuk haztatu zituen, tartean, amatasunarena.

Hamar urte egin zituen musikaren bidetik aldenduta. «Batzuetan ate batzuk itxi behar dira beste batzuk ireki ahal izateko. Ez nuen jarraitzeko beharrik sentitzen». Itzalgunea argitara atera zuen, ordea, orain bi urte, dolu prozesu baten ondorioetan. Amonaren heriotza lehenengo eta aitonaren minbizia ondoren. «Gitarra hartu eta konposatzeko beharra sentitu nuen. Aitona hiltzen ari zela ez nintzen gai kantu bat osorik jotzeko. Bere heriotzaren ondoren, baina, leherketa bat sentitu nuen nire barruan eta intuizio horri jarraitu nion. Konposatu eta konposatu aritu nintzen. Hirugarren haur bat –bi seme-alaba ditu izatez– izatea bezalakoa izan zen. Goizeko hiruretan esnatzen nintzen, ez negarrengatik, baizik eta konposatzeko beharragatik». Eta jarraitu zuen: «Nire arbasoak naizen horren zati handi bat dira. Sentsazio eta sentipen batzuk deskribatzeko hitzik ez dago eta musika bidez atera ditut horiek guztiak». Dolu batetik sortutako jaiotza da. Azken hamar urteetan harri- koskorrez betetako motxilaren leherketa gisa irudikatu zuen oiartzuarrak diskoaren sorkuntza prozesua.

Taldea alboan

Gitarra akorde batzuekin osatutako kantuen zerrendarekin jo zuen Maider Zabalegik Elkarreko atea, eta orduan abiatu zuen disko berria gorpuzteko prozesua. Bidean lagun izan ditu Dani Venegas musikari eta ekoizlea –diskoaren moldaketan pisuzko lana egin duena–, Urbil Artola –gitarran–, Joseba Loinaz –pianoan– eta Karlos Aranzegi –perkusioan–. Kantu gehienak Maiderrek berak sortutakoak dira, beste bi Dani Venegasek eginak eta beste bat erdibana ondutakoa. Agertokietan lagun izango ditu, halaber, Gorka Urra (gitarra) eta Garbiñe Sagastibeltza (baxua). «Niri falta zitzaidan zatia osatzea bezalakoa izan da». Haien parte hartzearekin –eta letretan izan duen Jon Belokiren laguntzarekin– biribildu du Maiderrek bere bakarkako lehenengo lana, “Zuei”, atzo Donostiako Elkar aretoan aurkeztutakoa.

«Estimutan dudan jendearengana gerturatu nahi nuen lan honekin eta dena oso erraz joan da», aipatu zuen. Pertsona horien artean da Alaitz Telletxea, diskoaren ahotsetan kolaborazio batzuk egin dituena. «Alaitzek estilo bat zeukan eta nik bestea. Biak uztartuta sortu zen Alaitz eta Maider. Nire hondarrak disko honetako kantuetan ageri dira, eta berak ere parte hartu behar zuen», esan zuen.

«Intimista, sakona eta goxoa» da, sortzailearen iritziz, “Zuei” lanaren azken emaitza, eta oroz gain, «ilusio» hitzaz busti ditu ezpainak. Anjel Valdes editorearen iritziz, kantu xumeak dira, sotiltasunez beteak, gogoeta ugari biltzen dituztenak era samurrean, eta aldi berean lengoaia moderno batean eginak.

Diskoa modu fisikoan osatuta, zuzenekoetarako ordua iritsi zaie Maider Zabalegi eta alboan izango duen bandari. Alaitzekin irekitako atea itxi zuen herrian zabalduko du berri bat Maider Zabalegik martxoaren 18an Oiartzungo Udaletxe aretoan eskainiko duen lehen zuzenekoarekin. Ondoren, beste hitzordu batzuk. Martxoaren 24an Bilboko Elkar aretoan, maiatzaren 7an Azpeitiko San Agustinen eta maiatzaren 19an Durangoko Plateruena Kafe Antzokian.