13 MAR. 2017 PATAGONIA «El regalo del Mwono» bideak puntu gorria jaso berri du Jarduera horren protagonistak Siebe Vanhee, Sean Villanueva eta Nico Favresse belgikarrak izan dira. 1992. urteko «britainiarren» marra era askean (8a+) gainditzeko 19 egun igaro zituzten paretan. Eskalatzaileek onartu dute baldintza gogorretan jardun zutela. Última actualización: 13 MAR. 2017 - 06:54h Andoni ARABAOLAZA Siebe Vanhee, Sean Villanueva eta Nico Favresse Txileko Patagoniatik goi mailako jarduera batekin itzuli dira etxera. Sokada belgikarrak Paineko Erdiko Dorrean jardun du; haren ekialdeko aurpegian. Xedea, berriz, 1992. urtean Paul Pritchard, Simon Yates, Sean Smith eta Noel Craine britainiarrek zabaldutako “El regalo de Mwono” bidea (A4, 1.200 m) era askean igotzea zuten. Eta eguraldia aurka izan badute ere, saria patrikara eramatea erdietsi dute. A4 hori, beraz, 8a+ gradura pasatu da. Askok diote belgikar hauek ganberro hutsak direla; eta ez zaie arrazoirik falta. Baina era berean azken urteotan egin dituzten eskaladekin argi asko utzi dute hormatzarretan era askean bikain moldatzen direla; hots, espezialista handiak direla. Eta erakutsi dute ere muturreko baldintzetan beren asmoei bikain eusten dietela. Izan ere, britainiarren bidean egin duten saioak 19 eguneko lana eskatu die. Nahiz eta haizete bortitzak, euria eta elurra “bisitari” izan dituzten, 19 egun egin zituzten paretatik jaitsi gabe. Inolako konparaziotan erori gabe, aipatu behar dugu horien eskuinean Mayan Smith-Gobat eta Brette Harrington “Riders on the storm” bideari puntu gorria jartzen saiatzen aritu zirela, baina eguraldi gaiztoak asmoa bertan behera uztera eraman zituen. Bestalde, aipatu behar dugu Villanueva eta Favressek Paineko Erdiko Dorrearen ekialdeko aurpegia ezagutzen zutela; duela zortzi urte Ben Dittorekin batera “hegoafrikarren” bidea era librean (7b+, 1.200 m) eskalatu zuten. Hormatzar horretan askean igo zen lehen marra zen. Azken espedizioan, berriz, Vanhee sokakide izan dute, eta etxeko epeltasunetik honako adierazpenak egin ditu: «Jarrera apalarekin xede handi bati ekin genion. Apala diot “El regalo de Mwono” bidea gogorra eta ikaragarria delako, bai eta Patagoniako baldintza gogorrei errespetu handia diegulako ere. Horrek, gainera, gure erronka askoz ere zirraragarriagoa egin zuen. Eskalatu dugun marra ikaragarri ona da, artesi eta diedro perfektuekin eta arroka oso onarekin. Geure buruak babesteko ez zegoen gauza handirik, baina esan behar dugu jarri genuen guztia naturala izan dela. Oso eguraldi makurra izan genuen, baina, amorerik eman gabe eta egundoko esfortzua egin eta gero, bidea era askean eskalatu eta gailurra egitea lortu genuen. Zalantzarik gabe gogorra izan da oso. Paretan 15 egunerako sartu ginen, eta beste lau egin genituen falta ziren 35 metroak era askean igo ahal izateko». Protagonistok, beraz, jarduera bikaina egiteaz gain, Patagonian egun era librean egin den eskalada zailenetarikoa sinatzea lortu dute. 19 egun “El regalo de Mwono” bideari puntu gorria jartzeko. Paretan igaro zuten azken egun horretan janaririk ez zuten, hotz handia egiten zuen, elurra ari zuen, haize bolada handiak zeuden, Favressek etxera eraman behar zuen hegaldia galdu zuen... Alabaina, Favressek esan digunez, azken egun horretan eguraldiak “oparia” eman zien: «Esnatu ginenean, prest geunden paretatik jaisteko. Baina zerua garbitu zen, haizea baretu eta eguzkia epeltzen hasi zen. Goitik era askean ateratzeko azken saioari ekin genion, eta ondo atera zen». Puntu gorria Villanueva eta Favressek 20 urte daramate elkarrekin eskalatzen, eta, jakina, harreman horrek asko laguntzen du baldintza gogor horietan egin berri duten jarduera egin ahal izateko: «Oso ondo ezagutzen dugu elkar, eta komunikatzeko ez dugu ia hitzik egin behar. “Hegoafrikarren” bidea askatu genuenean ikusi genuen lehen aldiz “El regalo de Mwono”. Soilik errepikapen bat zuen, baina ez librean. Oso agerikoa den marra da. Behetik gora zeharkatzen duen artesi sistema bat da; dorrea erditik ebakitzen duena. Bide guztia era askean eskalatzeko itxaropen handirik ez genuen, besteak beste, artesi fin batzuk eskalatzeko oso zailak zirelako. Abentura handi honetarako Siebe gonbidatu genuen. Gu baino hamar urte gazteagoa da, baina oso gogorra da». Paretaren oinarrira tresneria guztia eraman eta lehen zazpi luzeetan soka finkoak jarri ondoren, urtarrilaren 31n hirukotea “britainiarren” bidean sartu zen. Kapsula estiloan jardun zuten: «Patagonia ezagututa eta izaera horretako jarduera bat aurrera eramateko, paretan kanpaleku baten lana egingo zuen hamaka jarri genuen. Patagoniako ohiko eguraldia egin digu. Eguraldi leiho onak soilik bizpahiru ordukoak ziren. Egun batzuetan elur ekaitz bat jasan eta handik 30 minutura zerua garbitzen zen. Eta berriro eguraldia okertzen zen. Eta egoera hau egunean hiru aldiz gertatzen zen». Eskalatzaileok barealdi txiki bat izan bazuten ere, elur eta ekaitzak berriro nagusi izan ziren. Hala ere, bidearen erdira iristeko aukera izan zuten: «Zati horretan marraren bi luze zailenekin egin genuen topo. Lehena diedro leun bat da eta amaieran pauso gogorra du. Bigarren giltza jarraian dator. Zailtasunean oso jarraikia da, eta uste dugu 8a+ izan daitekeela. Lehen luze hori Seanek askatu zuen. Bigarrenak lan eskerga eskatu zigun. Eguraldi gaiztoarengatik saio gutxi egiteko aukera genuen. Eguzkia ordubetez soilik agertzen zen eta arroka zer edo zer epeltzen zuen. Haizea baretzen zenean, orduan saio horiek egiten genituen». Nahiz eta baldintzak gogorrak izan, hirukoteak denbora atera zuen hormatzarretan egiten dituzten musika emanaldiez gozatzeko. Etenaldietan ere asko irakurri dutela diote, eta Villanuevaren 36. urtebetetzea ospatu zuten. Baina belgikarrak Paineko Erdiko Dorrera beste helburu batekin abiatu ziren. Festa eta eskalada uztartzen ari ziren, baina azken eiteak askoz ere garrantzi handiagoa zuen. Pixkaka-pixkaka bidean gora metro asko egin zituzten. 15 egunerako janaria eraman zuten, eta justu epe hori bete zenean eguraldiak erabat hobera egin zuen. Nahiz eta jarduera bertan behera utzi ala ez eztabaida luzeak izan, Favressek dio aurrera egiteko erabakia hartu zutela: «Otsailaren 18an esnatu ginenean gosez eta erabat nekatuta geunden. Egoera horretan eta janaririk gabe gure asmoak apaltzen hasi ziren. Hirurok ala hirurok jaitsi egin nahi genuen, baina bidea era askean lortzeko gogoa askoz ere handiagoa zen. Masokismoaren ertzera iritsi ginen, baina aurrera jarraitu genuen. Oraindik bidearen giltzaren korapiloa askatu gabe zegoen. Bi orduko leiho on bat azaldu zen. Giltza hori askatzeko ardura hartu nuen, eta azkenean patrikara sartu». “El regalo de Mwono”-ri puntu gorria jarri ondoren, bueltako bidea hartu zuten. Erabat nekatuta eta gosez, baina pozarren ziren. Kilo asko galdu, hatz zein behatzetan hotz handia pairatu, ia erotu... Favressek dioen moduan, benetako jarduera gogorra izan zen: «Emaitzak merezi izan du. Borroka egokia izan da. Paretan 19 egun igaro ditugu, baina onartzen dut oso azkar pasatu direla; besteak beste, xede horrekin obsesionatuta geundelako. Bidaia zein abentura erabat osoak izan dira!». ERA ASKEAN Siebe Vanhee, Sean Villanueva eta Nico Favresse belgikarrek Paineko Erdiko Dorrearen ekialdeko aurpegian dagoen «El regalo de Mwno» bideari puntu gorria jarri diote.gogorra «Britainiarren» bidea 1992. urtekoa da, eta era artifizialean (A4) zabaldu zen. Belgikarrek, ordea, luze guztiak era librean egin eta 8a+ proposatu dute. 19 EGUN Protagonistok kapsula estiloa erabili zuten, eta adierazi ere eguraldi baldintza gogorrei egin behar izan dietela aurre. Paretatik jaitsi gabe 19 egun egin zituzten.