Jon LEUNDA
Aizkora

Zaldua hasieratik nagusi

Zumarragakoak ez zion aukerarik eman Txapartegiri, nahiz eta bigarren zatira arte ez zuen erabakita utzi.

Xabier Zalduak irabazi zuen atzo Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatu zen apustua, amaieran Luix Txapartegi mendean hartuta. Bukaeran, gainera, alde handia lortu zuen Zumarragakoak, ia bost minutuko tartea egon baitzen bien artean.

Aizkolari bakoitzak hogeina kana-erdiko erdibitu behar izan zituen, guztiak ere Txapartegik plazaratutakoak. Alde bakoitzak 6.000 euro jarri zituen dirutan, guztira 12.000 euro zeinek eraman, eta horixe eraman zuen Zalduak. 500 ikusle pasatxo batu ziren norgehiagoka hau zuzenean ikusteko asmoarekin, giro aparta sortuz harmailetan. Diruak saioa hasi aurretik Txapartegiren aldeko joera zeukan, baina ez zegoen alde handirik.

Xabier Zaldua atzokoan gehiago izan zen, eta amaieran hori Txapartegik ere inongo aitzakiarik gabe onartu zuen. Neurketak bi zati ezberdin izan zituen. Lan erdiak arte pare samarrean joan ziren bi aizkolariak eta emozioa handiagoa izan zen. Baina hortik aurrera Zaldua gero eta zulo handiagoa egiten hasi zen, eta saioa amaitzerako erabakita zegoen garaipena zeinek eramango zuen.

Zaldua hasierako enborretik azkeneko enborrera nagusitu zen, denak aurretik bota baitzituen, aurkariari inongo aukerarik eman gabe saioan zehar. Lehen kana-erdikoan 10 segundoko tartea lortu zuen, baina lan erdiak arte aldeak oso txikiak izan ziren. Hala ere, hamargarrenaren inguruan tarte hori handitu egin zuen. Horrela, lan erdiak 25 minutu eta 50 segundoan burutu zituen Zalduak, eta 26 minutu eta 22 segundoan, aldiz, Txapartegik.

Erabakitzeko

Oraindik lanik zailena geratzen zen egiteko, izan ere, askotan erditik aurrera izaten da askorentzat gogorrena, eta horren zain zeuden ikusle guztiak, zegoen tartea oso txikia baitzen, eta bazegoen saioak estu jarraituko ote zuen susmoa, baina ez zen horrela izan. Atzokoan behera egin zuena Txapartegi izan zen, Zalduak gero eta tarte handiagoa hartu baitzuen, eta amaiera oso erosoa izan zuen, azken enborretarako berak ere bai baitzekien irabazi egingo zuela.

Horrela, hamabosgarren enborraren ostean ia dena erabakita zegoen; izan ere, bi minututik gorako tartea zeukan Zumarragako aizkolariak bere alde. Zeukan abantaila ongi kudeatzea besterik ez zuen egin behar, eta garbi zegoen hori lortuta garaipena berarentzat izango zela. Eta ederki kudeatu zuen tarte hori, ez kudeatu bakarrik, oraindik eta zulo handiagoa egin baitzuen azkeneko enborretan. Hemezortzigarrenean, lau minutura pasatu zen alde hori, eta saioa amaitzen ikustea besterik ez zen falta, ordurako dena erabakita baitzegoen, eta amaieran Zalduak ongi merezitako garaipena lortu zuen.

Enborrez enbor, honako hauek izan ziren Xabier Zalduak egin zituen denborak: 1.42, 3.51, 6.17, 7.36, 10.49, 13.37, 16.31, 19.29, 22.38, 25.50, 27.40, 31.29, 34.19, 37.00, 39.51, 43.17, 46.21, 49.23, 52.41 eta 56.17.

Luix Txapartegik egindakoak, berriz, honako hauek izan ziren: 1.52, 3.59, 6.20, 8.42, 11.25, 14.15, 17.03, 19.56, 23.19, 26.22, 29.41, 32.53, 35.55, 38.48, 42.08, 45.51, 49.42, 53.21, 57.25 eta 1.01.07.

Amaieran Xabier Zaldua oso gustura zegoen egindakoarekin, eta garbi utzi zuen etxean egiten zuen lana egin zuela atzo. Hasieratik bukaerara ere gozatu egin zuela ere adierazi zuen. Luix Txapartegik, aldiz, ez zion aurkariaren garaipenari inongo aitzakiarik eman, eta garbi utzi zuen ahalegin guztia egin zuela atzokoan, eta alde horretatik ez zeukala aitzakiarik.

Atzokoan ere agerian geratu zen zaleek duten apustu gosea, 500 ikusle asko baitira, nahiz eta gero amaieran ez zuen emozio handiegirik izan. Orain, datorren asteburuan beste bi norgehiagoka ikusi ahal izango dituzte. Bata, larunbat arratsaldean izango da Urretxuko pilotalekuan eta han neurtuko dira Elorriaga II.a eta Dorronsoro, eta igande eguerdian, berriz, Doneztebeko pilotalekuan jokatuko da apustua, eta han Etxeberria anaien eta Telletxea anaien arteko dema izango da.