GARA Euskal Herriko egunkaria

OiertxoSOS plataforma aurkeztu dute Gomezen askatasuna aldarrikatzeko

OiertxoSOS plataforma irekia aurkeztu zuten atzo Gasteizen, Oier Gomez larriki gaixo dagoen euskal presoari babesa agertu eta haren askatasuna aldarrikatzeko. Prentsaurrekoa baliatuz, Gomezen egoerak okerrera egin duela jakinarazi zuten plataformako kideek.


Bi helburu ditu atzo Gasteizen aurkeztutako OiertxoSOS plataformak: Oier Gomez larriki gaixo dagoen euskal presoaren aldeko elkartasuna antolatzea eta presoa etxeratzea. «Oierren egoera oso larria da: Ewing motako sarkomak ditu bizkarrezurrean, buruan eta aldakan. Ez da tratamendua modu egokian jasotzen ari», salatu zuten plataformako kideek.

«Oierren osasun egoera larria ezagutu zenetik, berak zein bere senideek elkartasun mezu ugari jaso dituzte. Horregatik, Oierren lagunok, bere senideekin batera, plataforma hau osatzea erabaki genuen elkartasun hori bideratzeko tresna moduan, horrela Oierren askatasuna lortzeko, etxera ekartzeko eta duen gaixotasun larria gainditzeko beharrezkoa duen tratamendua jaso dezan», gaineratu zuten.

Halaber, plataformari izen hori nondik nora jarri dioten azaldu zuten: «Mobilizatzeko gonbita da, Gasteiz, Araba, Euskal Herrian eta munduan oro har pertsonen duintasun eta eskubideak preso egotearen gainetik daudela uste duten herritar guztiei zabaldutako gonbita. Oier, larriki gaixo dagoen presoa izanik, espetxetik at behar du, ez kartzela barruan, non ezin duen behar duen tratamendua jaso».

Zentzu horretan, plataformako kideek ohartarazi zutenez, Estatu frantsesean zaintzen duten medikuen esanetan eta hurbileko medikuen iritziz ere, preso jarraitzea bateraezina da pairatzen duen gaitzarekin. «Legea bete dezala eskatzen diogu Estatu frantsesari. Legedi internazionalari erreparatuz, Oierrek, gaitz larria duen presoa izanik, etxean behar luke».

Ziur asko, apirilean berrikusiko du Parisek Gomezen kondena. «Eta guztion artean elkartasun guneak sortu behar ditugu Oierren askatasuna lortzeko eta behar duen tratamendua jasotzeko. Gizarteari dei egiten diogu beste eragile batzuek Oier eta gainerako preso politiko gaixoak askatzeko aurrera eramango dituzten ekimenetan parte hartzera», esan zuten.