18 MAR. 2017 Aizkora Apustuzaleek beste bi aukera eder izango dituzte Gaur, 19.00etan, Urretxun izango da bat; bihar, 12.00etan, Donezteben, bestea. Jon LEUNDA Aizkora apustuek indartsu jarraitzen dute, eta asteburu honetan bi izango dira ikusgai. Bata gaur jokatuko da 19.00etan Urretxuko pilotalekuan; bertan neurtuko dira Dorronsoro eta Elorriaga II.a. Bihar, berriz, Doneztebeko pilotalekuan Pello eta Jon Teletxea Jexux eta Mielanjel Etxeberriaren aurka lehiatuko dira. Bi apustu hauek joan den astean Zalduak eta Txapartegik jokatu zutenaren segida dira. Ikusmin handia piztu du gaur Urretxun jokatuko den norgehiagokak. Bakoitzak hamabi kana-erdiko erdibitu beharko ditu, eta denak Elorriagak plazaratuko ditu. Alde bakoitzak 1.000 euro jarriko ditu jokoan. «Gogoz eta ongi prestatuta nago», dio Dorronsorok. «Enborrak berak eraman behar ditu, eta horrek beti ematen du kezka, azken batean ez dakizulako nolako enborrak izango diren, eta erremintak ere nolakoak diren egokienak ere ez delako ikusi arte jakiten», erantsi du. Dorronsororentzat ez da aurreneko apustua izango, baina bai Elorriaga II.arentzat. Futboletik etorri da aizkorara, aita ere aizkolaria baita. Ilusioz gainezka dago. «Ilusioa ikaragarria daukat, eta gogoa ere bai. Nik apustura gozatzera joan nahi dut, eta etxeko lana egin», dio Zumarragakoak. «Enborrak normalak izango dira. Gaur egun ez da erraza nahi bezalako enborrak topatzea», gehitu du. Urretxun gaur jokatuko den apustuak ikusmin handia piztu duen bezala, bihar Donezteben jokatuko denak ere halaxe egin du. Gainera, han izango diren lau aizkolariak Labaiengoak dira. Bikote bakoitzak hamar kana-erdiko eta lau oinbiko erdibitu beharko ditu. Enbor handiak Pello eta Jon Telletxeak plazaratuko dituzte, eta txikiak, berriz, Etxeberria anaiek. Bakoitzak 1.000 euro jarriko ditu jokoan. «Beraiek bota ziguten desafioa. Ez zen aurreneko aldia, baina orain arte ez diegu kasurik egin. Azkenean denak herrikoak gara, eta horrek beti ditu arrisku batzuk. Azkenean jokatzea erabaki dugu oraingoan», esan du Pello Telletxeak. «Guk bota genien desafioa. Herrian aizkolari asko gaude, eta beti izaten da lehiakortasun hori», esan du Mielanjel Etxeberriak. Telletxeatarrak izango dira enbor handiak eramango dituztenak, eta gauzak garbi utzi dituzte. «Ipurdiak dira eramango ditugunak. Beraz, gogorrak izango dira. Entrenatzeko ere ez ditugu enbor onak izan, eta plazara ere horrela goaz», dio Pellok. Mielanjelek ere esan du nolakoak izango diren enborrak: «Gu normalekin joango gara». Doneztebe inguruan ere giro aparta dago apustu honen inguruan, baita Labaienen bertan ere. Lau aizkolariak ongi prestatuta doazela argi eta garbi utzi dute. Lana ere handia dute, eta apustuetan eskarmentu txikia. Pello Telletxea da apustua jokatutako bakarra, eta berak aspaldi jokatu zuen Javier Mindegiaren aurka. Bi bikoteek irabazteaz gain, etxeko lana egin eta ikuskizun polit bat ere eskaini nahi dute. Sokatira Euskal Herriko Goma Gaineko Txapelketa gaur amaituko da Bakion. Bertan mistoak lehiatuko dira, 600 kiloko mailan, 17.00etan. Talde bakoitzean lau neska eta lau mutilek joan beharko dute. Gaztedi A, Gaztedi B, Ibarra, Berriozar eta Antsoain arituko dira nor baino nor. Azken hori da berria, ez baita aritu ez gizonezkoen, ez eta emakumezkoen mailan ere, baina gaurkoan lehiatuko da. Gaztedi eta Ibarra izango dira txapela lortzeko faboritoak. GIPUZKOA Gaur Urretxuko pilotalekuan Elorriaga II.a eta Dorronsoro arituko dira nor baino nor. Bakoitzak hamabi kana-erdiko enbor erdibitu beharko ditu, eta 2.000 euro egongo dira jokoan. NAFARROA Bihar Donezteben Pello eta Jon Telletxea Jexux eta Mielanjel Etxeberriaren aurka neurtuko dira. Bikote bakoitzak hamar kana-erdiko eta lau oinbiko ebaki beharko ditu. Jokoan 2.000 euro izango dira.