20 MAR. 2017 sokatira Gaztedik iragarpen guztiak ongi bete ditu J.L. Gaztedi A taldeak irabazi du Euskal Herriko Goma Gaineko Txapelketako azken txapela. 600 kilokoan lehiatu ziren, eta oraingoan taldeak mistoak izan ziren; bakoitzean lau mutil eta lau neska aritu ziren. Gaztedi A taldea jaun eta jabe izan zen jokatutako tiraldi guztiak irabazita. Faboritoak eurak ziren, eta ez zuten hutsik egin. Adituen ustez, Ibarra izan zitekeen eurak mendean har zitzakeen talde bakarra, baina hari ere irabazi egin zioten. Gauzak nola zeuden ikusita, bi faboritoen arteko dema erabakigarria izango zela garbi zegoen. Elkarren arteko lehia horretan bizkaitarrak atera ziren garaile eta ondorioz txapela eurentzat izan zen. Gipuzkoarrek bigarren postuarekin konformatu behar izan zuten. Moreek Gaztedi A taldearekin galdu egin zituzten bi tiraldiak, baina gainerako talde guztiak hartu zituzten mendean, bigarren postua ziurtatuz. Gaztedi B taldeak osatu zuen podiuma. Aurreneko bi sailkatuekin tiraldiak galdu egin zituzten, baina gainerakoak mendean hartzea lortu zuten. Txantreak eskuratu zuen laugarren postua, Antsoaini bakarrik irabazita, gainerakoekin galdu egin baitzuen. Sailkapena Antsoainek itxi zuen. Talde hau berria zen, eta lehen saio honetan jokatutako tiraldi guztiak galdu egin zituen, eta hori ere normaltasunaren barruan sartu beharko da. Azken saioko irabazle nagusia Gaztedi izan zen, bi taldeak sartu baitzituen podiumean, nahiz eta hori ere normaltzat hartu beharko den, nesken mailako bi pisuetako irabazlea ere izan baita.