GARA Euskal Herriko egunkaria

Oihaneko kukua


Niko Etxartek egin zuen ezagun Euskal Herrian Coucou de Bois diskoteka, bere «Izan gira Euskal Herri rock&rolling» haren uluei jarraiki «Bal-en urhentzin ene maitea, eneki jin zite au Coucou des Bois» kantatuta. Oihaneko kukua, zurezkoa ere izan zitekeena, hitzen itzulpen literal bat eginaz, baina kokapenak, hau da, Xiberoako oihanak hasten diren tokian egoteak jatorrizko izenari egiten dio ohore. Asteburu honek Xiberoara eraman nau berriro, Onizepean izan naiz, camustarrenean, eta Argitxu lagunarekin hizketan piztu zitzaidan kukuari buruzko kuriositatea; honela, ezezagun zitzaidan anekdota politarekin itzuli naiz etxera. Bide batez, zurera ere bai, irakurle. Urte luzeetan xiberotarren aisialdiaren topagune den “kukuak”, ororen festa gauek han izan baitute amaiera, Frantziako iparrean du jatorria; Bigarren Mundu Gerraren ondotik suntsitua gelditu zen iparralde hura, eta gure iparraldeko jende anitz harat joan zen lan xerka, dena arraberritzeko xedez. Alsazian, Mediondo abizeneko batek biziki maite omen zuen lan herriko «dancing» bat, «Coucou de Bois» izena zeukana, igandeetan joaten ziren hara lagunartean aste osoa lan eskerga egin ondoan; bere emaztea izanen zena ere han ezagutu omen zuen gainera. Honela, etxera jin zelarik, oroitzapenek bultzaturik Mauletik Urdiñarberako bidean eraiki zuen izen zaharra zeraman dantzaleku berria, eta aitañik zurezko lurra ezarri zion partikularzki «amini bat gue etxia düzü» argitzen ziolarik Argitxuri. Ez haiek egina baina haiek han egin direlakotz, maitasunez bizirik dirau xiberotar anitzen etxeak, hurbileko oihanean udaberriko kukua kantari dabilen artean.