GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Torturatzaile birgizarteratua?


Beste bi guardia zibilekin batera Kepa Urra (hura besterik ez...?) torturatzetik Estatuaren ordezkari gisa Europar Batzordearen Torturaren Prebentziorako Batzordean agertzera. Birgizarteratze ariketa aparta. Areago, atxilotuei eman beharreko tratuaren gaineko hitzaldiak ere egiten ditu (eman beharreko tratu egokiaren gainekoak eta ez berak emandakoaren gainekoak, uste dudanez). Beharbada, torturaren aurkako zereginetan ez dabil torturatzen bezain eroso, baina nork esango dio ez dagoela birgizarteratuta –are hobeto, kartzelarik zapaldu gabe–; indultatuta, alegia?

Asko daki atxilotuei eman beharreko tratuaz, espetxe zigorra ezarri zioten epaileen arabera. Ez da asaldatuko den mizkinik faltako, ordea, esango duena torturatzen iaioa izanik, atxilotuei poltsa, kirofanoa edo eraso sexualak egiten aditua izanik, beharbada praktika horien aurka egiteko ez dela hain justu egokiena. Edonola ere, legearen inperioari eusten dioten gobernuek diotena mezatara doa. Edo Torturaren Prebentziorako Batzordera.

Torturak irautea eta eta zigorgabe jarraitzea, oraindik orain bezala aspaldi luzetik ere ikusi dugun bezala, tortura gauzatzen dutenengandik hasita, auzitegi-medikuak eta instrukzio-epaileak tarteko, gobernuraino luzatzen den katearen ondorio da. Eta azken horrek dauka erantzukizun nagusia. Halaxe zen frankismoan eta halaxe izan da UCD, PSOE zein PPren gobernuekin. Eta ez haien jarrera pasiboagatik bakarrik, guztiz aktiboa izan baita. Besteak beste, torturatzaileen zigorgabetasuna bermatzea tortura bermatzea delako.