Amalur ARTOLA
ETXALAR

Merimeeren «Carmen» pastoral bilakatuko du Etxalarko herriak

Prosper Merimeeren «Carmen» eleberrian oinarrituta, plazer hutsez idatzi zuen Gerardo Mungiak «Karmen Etxalarkoa» pastorala, eta egun, bertako herritarrak idatzia oholtzaratzeko prestaketak burutzen ari dira. Pastorala irailaren 16 eta 17an emango dute, Etxalarren.

Pastoral zalea da Gerardo Mungia, Pintxe. Iaz, belaunaldi baten irudia pastoral forman eman zuen “Harat Honat: Jonki baten trajeria” (Txalaparta) lanean eta, hura bezala, plazerak bultzatuta ekin zion orain zenbait hilabete Prosper Merimeeren “Carmen” (1945) koplatan emateari. «Aspaldidanik ezagutzen nuen nobela polit hau eta berriz irakurri nuenean pentsatu nuen ‘zergatik ez pastoral bat idatzi?’. Tragedia bat da, gaia beraz pastoralarekin batera doa, eta hasi nintzen koblak betetzen». Zazpi hilabete eman zituen pastorala osatzen duten 240 bertsoak idazten eta, ondoren, idazkiarekin zer egin ez zekiela, denbora batez hausnarrean egon ostean Etxalarren antzezteko aproposa zela iruditu zitzaion.

«Nobelan agertzen den sujetari, Carmen-i, Merimeek Etxalar eman zion sorlekua, eta pentsatu nuen leku aproposena izanen litzatekeela pastoral horren asmoa aitzinerat eramateko. Joan nintzen nehor ezagutu gabe, zuzenki Pello Apezetxea hango erretoreagana, eta ene asmoa eta proposamena luzatu nion. Berehala konprenitu zuen zer den pastorala, zeren eta pastorala ez da bakarrik idazkia, baizik eta pastorala da gaur egun auzolan kultural erraldoi bat non eta herriko jende ezberdinak parte hartzen baitu», ziurtatu du Mungiak. Abadeak alkatearekin jarri zuen harremanetan eta, herriko kultur elkarteekin bizpahiru bilera egin ostean, Etxalarko gazte talde batek ikuskizuna aurrera eramateko lana bere gain hartzea erabaki zuen.

Maitasuna eta heriotza

“Karmen Etxalarkoa” pastoralak jatorrizko obraren hariari eusten dio:&flexSpace;«Merimeek nobela polita idatzi zuen. Carmen etxalartarrak eta Jose elizondoarrak elkar ezagutzen dute Sevillan. Carmenek Jose kastillanoz nola mintzatzen den entzunda, galdetzen dio ea euskalduna den eta hortik sortzen da haien arteko amodio mingarria. Kontrabandistak dira biak, bidelapurrak, hiltzaileak, eta beraien arteko hizkuntza kastillanoa da, baina komeni zaielarik euskara erabiltzen dute beren artean. Beraz, hori benetan deigarria da nobela honetan, frantziar batek idatzirik», azaldu du Mungiak. Eleberriak biolentzia matxistaren gaineko irakurketa egiten duela ere aipatu du: «Berezitasun handia dauka emaztearekilako aipamenak. Bizi osoan ikusi dugun eta ikusten ari garen emazteen aurkako bortizkeria eta biolentzia ageri dira, uste dut gai hau nobelan ondo islatzen dela».

Kontakizuna oholtzaratzeko ehundik gora herritar bildu dira Mungiak idatzitako testuaren bueltan, gehienak etxalartarrak, baina, idazlearen eskakizunez, bada Baztango herritarrik ere. «Nahi nuen nobelan bezala bigarren sujeta, Jose Lizarrabengoa, Carmenen ohaide, amorosa eta hiltzailea dena, baztandarra izatea. Etxalartarrek onartu zuten, eta Baztanera joan nintzen gizon baten bila», gogoratu du. Miel Jose Aristia amaiurtarra hautatu zuten papererako, eta harekin batera Amaiurko Gaztelu Taldea koroak ere hartzen du parte pastoralean. Zuzendari edo errejenta lanak, aldiz, Mungiak aurrez ezagutzen zuen Pantxika Urrutiak egingo ditu.

Gainerakoak, guztiak dira etxalartarrak; oholtza gainean ariko direnak eta baita oholtzaz kanpo pastorala aurrera ateratzeko lanean ari direnak ere, jostunak kasu. «Nobela XIX. mendean idatzia da eta agitzen da Andaluzia aldean, Sevilla, Kordoba eta Cadizen. Garrantzi handia du jantziak eta lan handia ari dira egiten jostunak», ziurtatu du Mungiak.

“Karmen Etxalarkoa” pastorala, esan bezala, irailaren 16 eta 17an oholtzaratuko da eta emanaldietan pastoralaren testua hiru hizkuntzatan –euskara, gaztelania eta frantsesa– biltzen duen liburuxka eskuratu ahalko da. Horrez gain, aipagarria da entseguak herriko frontoian egiten ari direla eta Mungiak guztiak gonbidatzen dituela bertaratzera, pastoral baten osaketa bertatik bertara ikustera.