GARA Euskal Herriko egunkaria
Berezkoak

Alain Migueltorenak ordezkatuko du Bixintxo Bilbao Senpereko partidan


Alain Migueltorena izango da gaurko Berezkoen Binakako Txapelketako protagonista nagusia. Izan ere, min hartuta dagoen Bilbaoren ordez aritu beharko du. Larralde lagun duela, Ospitalen eta Ducassouren aurka jokatuko du Senperen.

Finala jokatu eta txapela lortzeko bi bikote faboritoen arteko neurketa izango da Senperekoa, baina Bilbaoren hutsuneak gauzak aldatzen ditu. Migueltorena gaztearentzat ardura handiko lehia izango da, berari begira egongo baitira asko eta asko. Ospital eta Ducassou, gainera, Migueltorena erasotzen saiatuko dira segur aski, Larralde jokoz kanpo eduki eta gazteari lan asko ematea izango baitute helburu. Hori bai, jada finalerdietarako txartela eskuetan duten Ospital eta Ducassouk, azkeneko partidak irabazi dituzten arren, zalantzak piztu dituzte.

Larraldek eta Bilbaok ere ia lortuta dute hurrengo faserako txartela, eta agian horrek lasaitasun apur bat eman liezaioke Migueltorenari. Indarrean datorren gaztea da, eta onenekin joka dezakeela erakutsi nahiko du. Jaialdia 17.00etan hasiko da, eta, hasteko, Bigarren Mailakoan, Elgart eta Ezkurra Lanberten eta Palomesen aurka neurtuko dira.