GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Amaraunak eta adrenalina txuteak


Udaberriarekin batera iritsi zaigu ETAren armagabetzea, bakearen artisau bilakatutako herritarrek sustatua, gatazkaren alde guztienganako errespetuz eta jendearen babesa bilatuz. Babes anitza. Gure Esku Dagoren kontsultek ere sentsibilitate guztietako lagunen atxikimendua dute xede. Independentziaren aldeko bozkez gain, aurkakoz ere bete nahi dituzte hautetsontzien sabelak.

Joan den martxoaren 19an ilusioz gainezka bozkatu zuten 35 herritan, 101 hautetsontzitan, 30.500 herritarrek baino gehiagok. Bihar bertze 40.000 lagun daude erabakitzera deituak Busturialdean eta Arrigorriagan eta bertze aunitz etorriko dira ondotik. «Lasai, ematen du egiazkoa dela!», erraten zion lagun batek bere buruari boto parera dardaraz prestatzen ari zela, nerbioak baretu nahian. Eta egiazkoa da. Balio legalik ez izan arren.

Bizilagunen arteko armiarma sareak josten ari dira herriz herri, Arabako bertso eskolen gisan. Emozionatuta joanen naiz gaur lehenengoz Gasteizko Printzipal antzokiko txapelketako finalera, bertan kantatuko dutelako sei ahots ezberdinek, bakoitzak bere koloreko bertsokerarekin, eta txapelerako aukerak hain irekiak egoteak sortzen duen ikusmina baino handiagoa izanen delako bilgunea eta besta.

Bertze txute bat Korrikaren adrenalinari. Bigarren kilometroa zazpi hiriburuetako udal ordezkariek partekatu zuten, euskarak batzen dituela irudikatuz. Badakigu egunerokoa ez dela hori. Elkarren kontra aritzea da ohitura, baina elkar hartuta egiten ditugu gauzarik onenak.