GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Ziklo berriari begira, gogoetekin batera emozioak landu behar dira


Korrika da, zalantzarik gabe, euskarak duen ekimenik indartsuena, irekiena, alaiena eta hunkigarriena. Jakina, ezin dira bi urtetik behin egun gutxi eta bizi batzuetan igarotzen den ekimena eta egunero euskararen alde egiten den lan etengabea alderatu. Ez da bidezkoa eta ez da komeni. AEK-k berak euskalduntzearen alde egiten duen eguneroko lana Korrika baino garrantzitsuagoa da.

Nolanahi ere, arrakasta-kasu nabarmena den heinean, ikasgai ugari ditu Korrikak. Ez soilik euskararentzat, baita Euskal Herriaren garapenarentzat ere.

Zirraragarria eta errepikaezina

Lehenik eta behin, zerbait azpimarratu behar izanez gero, Korrikaren izaera zirraragarria nabarmendu behar da. Herritarren emozioekin konektatzen du, zuzenean, eta beren alderdirik hoberena ateratzen du, lagunkoiena eta eraikitzaileena. Herri honen aberastasunaren ispilu eta bultzatzaile da, batez ere euskal hiztunak gutxiengo diren lurraldeetan erakusten denez. Ekimen kooperatiboa da, benetan herrikoia.

AEK finantzatzeko eta euskararen zabalkunderako bitarteko gisa sortu zen arren, gaur egun askoz gehiago da euskararen aldeko martxa, bizitza propioa garatu du. Ereduari jarraituz, Euskal Herriaren borroken historian Korrikaren arrakasta erreproduzitzeko saiakerak etengabeak izan dira. Ez da lortu. Gure komunitatearen ezaugarri izan diren burugogorkeria eta harrotasuna ez dira denborarekin murriztu, baina imajinazioa eta esperimentalismoan atzera egin dugula argi dago.

Egunotan Korrikaren 20. edizioa biltzen ari den erantzun herrikoia ikusita, argi dago ekimenak ez duela endekapenik sufritzen. Onarpenaren ikuspuntutik zabaldu besterik ez da egin. Bidean ez du indarrik galdu. Urrutira joan gabe, ikastolen aldeko urteroko jaien ereduak agortua dirudi. Salbuespenak salbuespen, makrojaialdien aroa ere igaro dela ematen du. Bestelako mobilizazioetan eta ekimenetan ere berritzeko beharra nabarmena da. Korrika bai, agian, baina euskara ez dago errealitate honetatik salbu.

Ziklo baten amaiera, adostasun berrien ataria

Azken urteetan euskalgintza krisian dagoela esaten da. Euskararen inguruan dauden adostasun eta desadostasun gehienak aurreko ziklo historikoaren seme-alabak dira. Alegia, gatazka politikoaren magalean hazi dira, alde batera eta bestera. Egoera soziolinguistikoa bera ez da gatazkatik independente, lurraldeen arteko desorekek erakusten dutenez. Horrekin batera esan behar da, ordea, euskaldunek beti eta edonon topatu dituztela aurrera egiteko estrategiak, babes politiko eta instituzionaletik harago. Korrika horren lekuko ere bada.

Halere, aurreko zikloak ezin du datorrenaren ibilbidea hainbeste baldintzatu. Aurrera begira, adostasun eta desadostasun berriak eraiki behar dira. Bestela, akatsak errepikatzera eta eraginkortasuna mugatzera kondenatua gaude.

Aurrera egiteko, euskararen estrategiek eman dutena eta eman ez dutena ebaluatzeko garaia da. Zintzotasunez, patxadaz, gogo tragikorik gabe, asmo txarrik gabe. Egin dena balioan jarrita, asko eta ondo egin baita. Autokritikoki, arduraz, besteekin gure aurka onartzeko prest ez gauden zorroztasun juzgatzailerik praktikatu gabe. Alegia, umeei esaten zaien bezala, minik eman gabe eta minik hartu gabe.

Gure herrian hizkuntzena kontraesanerako esparru aproposa da. Horregatik ezin dira ukatu, ukatzeak ez baitu kontraesanen desagerpena ekartzen, are gutxiago horien atzean dauden arazoena. Kontraesanak kudeatu egin behar dira. Euskaraz gain, ebidentea dirudi gainontzeko hizkuntzekin harremana aldatu egin behar dela. Euskara menpekoa da, baina euskaldunek abantaila dute. Horretarako guztirako estrategiak behar dira. Ez ordea estrategia bakarra, ziur asko ezinezkoa delako, besteak beste errealitate oso desberdinei aurre egin behar zaielako. Baterako balio duenak ez du besterako balio. Politika publikoak eta publikoaren politikak behar ditugu, alegia, parte hartzearen bidez diseinatu eta garatuko diren politikak. Epeak ere garrantzitsuak dira, oso.

Charles Darwinen ustez emozioak komunitate bateko kideen arteko loturak sortzeko eta indartzeko bitartekoak dira. Korrikak horixe frogatzen du. Eta zikloaren amaiera honetan, berriaren oinarriak finkatzeko garaian, emozioen bataila errelatoaren guda bezain garrantzitsua edo are eta garrantzitsuagoa da. Aurretik dugun asteak argi eta garbi erakutsiko du horixe.