Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
DONOSTIA
SURFING

XXL Big Wave Awards 2017:Hautatuen izenak argitaratu dira

Urtean zehar mundu osoan hartutako olatu erraldoien irudiak biltzen dituen lehiaketa azken txanpan sartu da. Finalerako sailkatu diren surflarien zerrenda argitaratu da jada, baina apirilaren 29ra bitarte itxaron beharko da irabazleak nortzuk izan diren jakiteko.

XXL sariketako bigarren itzulian sartzea lortu duten surflarien izenak argitaratu ditu jada WSL erakundeak. Ez da aparteko sorpresarik izan, eta surflariei dagokionez ez dago euskaldunik aurtengoan, ezta urautsiei dagokionez ere.

Ordea, Ritxi Goya argazkilari zarauztarrak Francisco Porcella italiarrari pasa den urtarrilaren hasieran Nazaren (Portugal) ateratako argazki bat olaturik garaienaren kategorian hautatu dute.

Aniztasuna nagusi

Bill Sharp, Big Wave Awards lehiaketako zuzendariaren ustez, «aurtengo izendapenetan berezitasun nagusia aniztasuna da». Izan ere, «nahiz eta ohiko beteranoek hor jarraitzen duten, zerrendako kideen batez besteko adina inoiz baino baxuagoa da. Olatuekin ere gauza bera esan daiteke, mota askotariko olatuak daude hautatuen artean».

Aurtengo sasoian ez da izan gainontzeko surflariengatik nabarmen bereizi den lehiakiderik, baina urautsi nagusia Nazare izan da. Prai do Norteko urautsiak eskaini ditu irudi gehienak. Gainera, lehen aldiz munduko olatu handien txapelketa egin zen bertan pasa den abenduan eta horri esker irudi andana hartu ziren bertan.

Uretako moto baten laguntzarik gabe, alegia, arraun eginda, hartutako olatuen kategoria da mirespen gehien sortzen duena. Baina aurten Nazare eta Jawsen egindako olatu handien munduko txapelketen ostean, eta, bizi izan ziren muturreko egoerak kontuan hartuta, «mugak markatzen jakitea» ere beharrezkoa dela iritzi dio lehiaketa honetako zuzendariak.

Antolatzaileek 350.000 dolar estatubatuar banatuko dituzte zazpi kategorietako irabazleen artean. Orain, epaileek eskuartean dituzten irudiak berriz ere tentuz aztertu eta apirilaren 29an iragarriko dituzte emaitzak, Kaliforniako Huntington hondartza famatuan egingo duten ekitaldi batean.

Big Wave Awards

XXL izendapenak bezala ezagunagoa den Big Wave Awards lehiaketa bi itzulik osatzen dute. Epaileek jasotako ehunka irudi sailkatu eta horien artean batzuk hautatzen dituzte lehen itzulian. Bigarren itzulian, berriz, finalean zeintzuk izango diren erabakitzen dute.

Lehen aldiz, 2000. urtean hasi ziren mundu guztian zehar hartutako olatu handietako irudiak saritzen. Hasiera batean Billabong surf markak antolatutako ekimen pribatua zen, baina egun lehiaketa World Surf League erakundearen baitan aurkitzen da.

Urte sasoia martxoan hasten da, udaberriarekin batera; hilaren 20an irekitzen da irudiak bildu eta igortzeko epea, eta hurrengo urteko martxoaren 20an amaitzen da. Horiek horrela, apiril amaieran edo maiatzean AEBetan egiten den ekitaldi batean aurreko hamabi hilabeteetan mundu zabalean hartutako olatu handienak saritzen dira. Sari banaketa ekitaldian aurkezpen lanak pertsonaia famatuek egiten dituzte.

Zazpi kategoria nagusiak honakoak dira: urteko surflaria, arraun eginez hartutako olatua, olaturik garaiena, tubo handiena, erorketa ikusgarriena, errendimendu onena izan duen gizona eta errendimendu onena izan duen emakumea. Kategoria batzuek besteek baino ospe handiagoa dute, eta, hori, noski, sari gisa ematen den diru kopuruan ere igartzen da.

Nazare nagusi

Azken urteetan Portugalgo Nazare urautsian hartutako irudiak izan dira sari nagusiak jaso dituztenak, baina sasoi batean Euskal Herrian hartutako irudiek ere arrakasta handia izaten zuten. Belharra edo Planeixan hartutako olatu erraldoiei esker Europan ere olatu oso handiak hartzeko aukera anitz zegoela agerian geratu zen.

Kalifornia, Portugal, Hawaii, Fiji, Tasmania edo Mexikon hartutako irudiak daude sailkatuen artean, baina, aurtengoan, beste urte batzuetan ez bezala, ez da Euskal Herrian hartutako olaturik izendatu.

Lehiaketa honetako lehen zatian urtero izaten dira lehian Euskal Herrian hartutako irudiak, baita euskaldunek atzerriko urautsietan hartutako argazkiak ere. Aurten, ordea, ez da ez euskal urautsirik ez surflaririk XXL izendapenetako azken txanpan sartzea lortu duten lehiakideen zerrendan.

Edonola ere, ez da batere erraza lehenengo itzulia pasatzea. Adibide bat jartzearren, arraun eginda hartutako olatuen kategorian, hirurehun iruditik gora izan daitezke, eta, gainera, azken urteetan, besteak beste material berriek eskaintzen duten segurtasunari esker, olatu handietako surfak sekulako gorakada izan du.

Euskaldunak indartsu

Aurtengoan izendatuen artean euskaldunik ez badago ere, olatu handiak hartzen ibiltzen diren euskal surflariak sasoi betean daudela esan daiteke. Natxo Gonzalez edo Axi Muniain bezalako surflariak olatu handien munduko komunitatean ezagun egin dira.

2006. urtean, lehen aldiz haututu zituzten bi europar XXL izendapenetan, zehazki Ibon Amatriain eta Mikel Agote gipuzkoarrak. Haien atzetik elur bola ziztu bizian handitu zen hurrengo urteetan: Oier Illarramendi, Aritza Saratxaga, Axi Muniain...

Aurten ez da zorterik izan, baina mundua txiki bilakatu den honetan, edonon, ekaitz bortitz batek sor dezakeen itsaski erraldoiaren bila dabiltza gure hondartzetako zenbait surflari, eta denbora kontua baino ez da unea iristean leku aproposean egon, olatu bat hartu eta XXL izendapenetan egoteko behar duten irudia lortzea.