Josu Jimenez Maia
Idazlea
KOLABORAZIOA

Legea, amaraunaren parekoa

Herrian bazen manifestazio bat, eta bukatu aitzin Guardia Zibila agertu zen. Guardia zibilak manifestazioan parte hartzen ari zen Constantino Salinasengana joan eta atxilotu egin zuten. Constantino Salinas ez zen edonor, 1931tik 1934ra bitarte Foru Diputazioko presidentea izan baitzen. Bidegabekeria hori ikusita, Emilio Eguzkizak protesta egin zuen ozen hauxe esanez: «Ez dago hori egiteko eskubiderik... Aise ari zarete bost guardia zibilen artean gizon bakarra eramaten». Altsasuko bizilaguna zen Emilio Eguzkiza, berez Deikaztelukoa izanagatik. Urbasako errepidean lan egitera Altsasura joana eta bertan jarri zen bizitzen... eta bertan hil zen. Emilioren erantzukia entzunda, metro gutxira zegoen guardia zibil batek tiro bat eman zion, heriotza eragiteraino zaurituz. Bost axola guardia zibilari une horretan Emilio Eguzkizak 14 hilabeteko Justi semea besoetan izatea; ume txikia aitaren magalean gelditu zen eta auzokide batek, Jose Zornotzak, ume txikia jaso zuen. Emilio, larriki zauritua, Txoko tabernara sartzen saiatu arren, Txoko tabernaren sarreran bertan hil zen. 1934ko urriaren 8an Altsasun gertatua, Asturiaseko Iraultzaren ondorengo errepresioa salatzeko manifestazio baten ostean.

Taberna horretan bertan, egun Koxka izena duen arren, laurogei urte igarota, guardia zibilak berriz protagonista; goizaldeko ordu txikietan tabernako liskar bat Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile batek terrorismotzat hartua, terrorismo delituaren arrazoizko zantzurik ez egonik ere, eta, hortaz, auzia Iruñekoari egokitu behar; azken hori ez da nire iritzi hutsa, Nafarroako Lurralde Auzitegiarena baizik. Bizkitartean egunak, asteak eta hilabeteak aitzina doaz, eta Adur, Jokin eta Oihan gazte altsasuarrak kartzelan egotea bidegabekeria handia da. Irakurle ororen esku badago, gutxienez, sinatzea Altsasuko gazte inputatuen aldeko manifestu soziala, proportzionaltasunaren, justiziaren eta ekitatearen printzipioekin bat eginik.

Izan ere, bi gertaera horiek leku berean gertatu ziren, eta Emilio Eguzkizaren hilketa tabernako iskanbila baino askoz ere larriagoa izanik ere, orduko hartan –esan gabe doa– ez zen krimenarekin lotutako atxiloturik egon, eta gerora ere hilketa anker hura ez da inoiz ikertua izan, ezta epaitua ere, memoria historikoa jorratzen duen Altsasu Memoriari esker jasota egonik ere.

Altsasuko gazte horiei –eta gero, Errenteriako beste gazte horiei–, terrorismoa egoztea neurriz kanpokoa da, guztiz, eta kalean egon beharko lukete, larriagoak eta askoz ere handiagoak egin dituzten beste batzuk kalean daudelako. Horaziok aspaldi utzi zigun idatzia: «Aranearum telis fas est leges comparare», legea amaraunaren parekoa da, zeren intsektu txikiak baino ez baititu harrapatzen. Intsektu handiak, Iñaki Urdangarin, Miguel Blesa, Rodrigo Rato edota Murtziako presidente Pedro Antonio Sanchez eta enparauak libre daude, Emilio Eguzkizaren hiltzaile ezezaguna, segur aski, libre bizi izan zen bezala.