GARA
MENDI LASTERKETAK

Berako Mendi Maratoi Erdia, igande honetan

Oier Ariznabarretak eta Laura Solak laugarren garaipena bilatuko dute igande honetan jokatuko den Berako 13. Mendi Maratoi Erdian.

Korrikalari bizkaitarra faborito nagusia izango da gizonezkoetan, Sarako Korrika Trail proban garaipena lortu baitu nahiz eta aurten ez duen gehiegi lehiatu mendi lasterketetan. Proba bost aldiz irabazi duen Didier Zago frantsesa ez da irteeran izango, baina bai Beñat Marmisolle, azken bi urteetan hirugarren sailkatu dena.

Antonio Etxeberria, Nafarroako kros txapelduna, parte hartzaileen artean egongo da. Lehen aldiz egingo du Berako lasterketa, eta kirol modalitate honetan ere lehen aldiz ariko dela esan liteke, nahiz eta irailean 18 kilometro eta 1.200 metroko desnibela daukan Trail Solidario del Dravet proba irabazi zuen. Carlos Garcia irundarra ere irteeran egongo da.

Emakumeetan, 2016ko hiru lehenetatik bik parte hartuko dute. Laura Sola 2014ko, 2015eko eta 2016ko garailea faborito izango da berriro, eta 2016ean bigarren sailkatutako Maria Zorroza izango du aurkari. Iaz hirugarren izan zen Aitziber Ibarbia min hartuta dago eta ezingo du parte hartu. Alizia Olazabal irundarra ez da faltako, eta Uxoa Irigoien ere kontuan izan beharko da, Donostia-Hondarribia Talaia Bidea proba duela hiru aste hirugarrenez irabazi baitzuen.

Lasterketaren irteera igandean 09.30ean izango da, eta astebururako hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Larunbat arratsaldean herri kirol erakustaldiak izango dira herrian, eta igandean lasterketa ikusteko txangoak abiatuko dira 08.30ean eta 09.00etan.