06 ABR. 2017 20. Korrika: Otxandiotik Iruñera Zorabioa bihurgunez eta graziaz betetako parajeetan Zapatilak jantzita bazoaz zure kilometrora, sabelean mila xinaurri dituzula. Lagun, senide eta ezezagunekin konpartitzen dituzu lekukoa ailegatu aitzineko une goxoak. Badator furgoneta, bere argi eta musika alaiarekin. Barrenean hartzen zaitu. Dena ematen dizu. Dena ematen diozu. Ze ederra aldi berean hustuta eta beteta sentitzea. Última actualización: 06 ABR. 2017 - 06:18h Maider IANTZI Botikari, dendari, ostalari, fabrikako langile... Bidera atera dira denak, ilusionista ere badirelako. Mutriku osoa hartu dute. Debatik dator Korrika; abisatu dutenez, aurreratuta. Beraz, peto, bandera, globo, ileorde eta sudur gorriak hartuta bakoitza bere lekuan jarri da. Herriaren sarreran, hankak luzatzen ari da Lurdes Urreisti. Galtza laburrak, buruko zinta... Ilusionista profesionala da. Kontatu digunez, 10-15 kilometro egin nahi ditu, Ondarroara arte eta segur aski gehiago. Gutxixeago baina ondoan duen Goizargi Aristik ere eginen du laster. “Zirkorrika” abestia sartuta duela adierazi du, bezperan Korrika txikia izan zutelako eta zirkua muntatu zutelako haurrekin. Furgonetaren begiak bihurgunean agertzearekin batera saltoka eta oihuka hasi dira mutrikuarrak. Jende pila bat ibili da herriko maldetan goiti eta beheiti euskararen aldeko mezua zabaltzen. Horietako batzuk Gipuzkoatik Bizkaira igaro dira, Ondarroara. Bertan Radixu irratiak eta Marabillik (Aitzol Aramaio zinema zuzendariaren oroimenezko jaialdia) partekatu dute kilometroa eta Kirmen Uribe ikusi dugu Aitzolen familiarekin batera arineketan. Inklusioa eta transmisioa Bizi-biziak dira Ondarroako kilometroak. Bengala eta guzti, pankartaz kargatuta doaz aitzinera lasterkariak. Larriki gaixo dauden presoak etxeratzeko eskatzen dute, eta maiatzaren 7an izanen den kontsultan parte hartzeko deia ere egiten dute Gure Esku Dagokoek. Ze ederrak Gorabideren urratsak; batzuk oinkadaz, bertzeak gurpilkadaz. Ze ederra komertzioen atarian eta bide izkinan zain-zain dagoen jendearekin txaloka komunikatzea ere. Besotik helduta doaz Pilar eta Arantza lekukoarekin, eta muxu batekin pasatu diete testigua Eider eta Kattalini. Hauei barren-barrenetik atera zaie garrasia, ume bana eskutik daramatela. Ondarroako alkate Zunbeltz Bedialauneta eta udal langileak dira lekukoari eragiten hurrenak. «15 minutu arinago goaz», abisatu du animatzaileak. Egia erran, animatu baino, baretu egin behar ditu lasterkariak. Gaztetxoek “Batzuk” leloa josi dute bularrean eta ongi goian eusten diote ikurrinari. Korrika bakarrik ez, dantzan, abesten eta akrobaziak egiten ere ailegatu dira Markina-Xemeinera. Ezin begirik kendu aitaren sorbalda gainean eskuak altxatuta dantzan bezala doan ume txikiari. Artibai Mendi Taldekoak makilarekin doaz, ze sasoiko. Gasolindegiko langileak, aldiz, bidoia daramate eta jendea susmatzen hasi da ea dopinik badagoen. Amaio auzokoak eta Etxebarriak ere kementsu daude. «Trankil» erraten die, kontraesana badirudi ere, animatzaileak. Suhiltzaileek a ze sirena besta muntatu duten. Adin guztietako lagunak dabiltza lasterka. Gurpildun aulkian doan amatxi alai batek pasatu die lekukoa haurrei, eta Aulestiko erretiratuen elkarteak eta gaztetxeak batera egin dute korrika. Lekeitio, zoragarria Aulestiko eskolako umetxoek lore handi batekin apaindu dute martxa. Munitibarretik Gizaburuagara goaz eta adarra jotzen hasi da gidaria, azeleragailuari fuerte sakatuz. «Eee –egin diote oihu–. Kirolariak gara, baina...». Amorotoko Oleta auzoan Burdinolako langileak atera dira bidera, poz-pozik. Mendexarrekin ailegatu gara Lekeitiora eta, “zoragarria” hitza sarri aipatzen badugu ere, ez dugu adjektibo aproposagorik bertan bizitakoa definitzeko. Musika bandak “Zirkorrika” jo du, laster egin bidenabar, eta Edurne Brouard ikusi dugu agur egiten hondartza aldean. R. M. Azkue ikastola osoa atera da. Aitziber idazkariak azaldu digunez, bi kilometro egin dituzte Tafallako ikastolakoekin. Hustuta eta beteta gelditu da Lekeitio. Izerdiz eta ilusionistaz. Zorabiatuta. Besotik helduta doaz Pilar eta Arantza lekukoarekin, eta muxu batekin pasatu diete testigua Eider eta Kattalini. Hauei barren-barrenetik atera zaie garrasia