Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Ernai

Ernairen II. Kongresuan izan nintzen larunbatean. Pozgarria izan zen, “jubileta” planean zebiltzan kideak berriz ikusteko parada izan bainuen.

Egoera konplikatuan sortu zen Ernai. Ez dira urte errazak izan hauek eta ez ziren errazak izan Segiren azken urteak ere, nik bizi izandakotik behintzat. Baina egoera zail eta negargarrietan ere beti aurkitu izan ditugu barre egiteko momentuak eta une goxoak, etsaiari hortzak erakutsiz. Limitean bizitzearen kontuak.

Lagun eta kide batek esaten du borroka continuum bat dela, eteten ez den bide bat alegia. Duela lau urte Lizarran bagenekien misio historiko bat genuela: urteetako borrokari jarraipena ematea.

Garaipen handi batetik gentozen: ilegalizazio eta errepresio aro luzetik bizirik atera ginen. Zauri sakonekin baina bizirik. Baina, era berean, bagenekien aro horri amaiera eman behar geniola ere. Fase berria bestelakoa izan behar zela garaipenaren bideari heldu nahi bagenion.

Eta egia da, urte zail horietan soka ez da hautsi. Baina hari fin batetik zintzilik geratu da. Ilegalizazio aroak bi aje handi utzi zituen: transmisio etena belaunaldien artean eta identitate krisi sakona.

Norabidea galduta zabiltzanean onena abiapuntura itzultzea izaten da eta hori egin dugu ezker abertzalean. Ernain kide izan nuen lagun batek esaten zidan gazteari etorkizuna bost axola zaiola. Eta arrazoi puntua izango du, problemak orain dituelako eta orain konpondu nahi dituelako. Baina guk etorkizuna dugu irabazteko. Euskal Herria dugu irabazteko. Ezker abertzaleko jendeak bere bizia eman du horren alde, herri honen independentziaren alde. Eta belaunaldi berriari dagokio bide horri jarraipena ematea testuinguru eta fase historiko honetan, bere ezaugarrietara egokituta.

Eduardo Galeano idazlearen aipu bat ekarri nahi dut gogora: «Hay un único lugar donde ayer y hoy se encuentran y se reconocen y se abrazan. Ese lugar es mañana». Gu gara, herri hau independentziara eramango duen belaunaldia. Hori da gure misio historikoa.

Ezker abertzalea makal dagoenean herri honek bere pultsua galtzen du. Eta hasi gara indartzen. Baina gazteria eta batez ere gazte erakundea makal badago, nekez indartuko da ezker abertzalea. Beraz, aurrea bolie!