Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Gol aparta

Lleidako neskatilen futbol-talde batek bere kategoriako aurtengo liga irabazi du, partida bakarra galduta eta gol gehien sartu dituen taldea izanda. Gol asko sartuko zituen, baina horietan apartena, oro har lorturiko balentria: mutilek osaturiko taldeen txapelketa irabazi izana; erakustea neskek kiroletan ez dutela zertan beti mutilen atoian eta loriapean jardun; neskak kirol orotan, aukera edukiz gero, lehenak izatera irits daitezkeela. Momentuz, 12-14 urte bitarteko gaztetxoen artean gertatu da… ikusiko ahal dugu egunen batean helduen maila nagusian!

Zergatik ez. Adin-tarte hori (haurtzaroa, alegia) igarota jokatzen jarraitzeko posibilitateak ematen bazaizkie neskei, kirol-kultura oro har benetako berdintasunez blaitzen badugu, jokalariek zein ikusleek, baita kirol-jardun bat biltzen duten guztiek (klubetako zuzendaritzak, prestatzaileak, babesleak…) ere, neskak eta mutilak nahasi aritzea normaltasunez bizi dezaten lortzen bada… eta, batik bat, baldin eta, nerabezarotik aurrera, jendarteak ez badu jarraitzen neskatilak norabide bakarreko erabaki bat hartzera bultzatzen: kirola egiten jarraitu edo «andereño» bihurtu, jardun fisikoa garatzera jo edo esparru intelektualagoetara mugatu, bateraezinak balira bezala.

Uste dut bide horretan egon bagaudela. Ustez gizonezkoen kirol ugaritan (baita beste batzuetan ere) gero eta emakumezko erreferente gehiago daude, gero eta leku handiagoa ematen zaie hedabideetan, eta gero eta gehiago aitortzen zaie meritua. Alabaina, saihestear ditugu oraindik haietaz hitz egitean askori darizkien kondeszendentzia eta paternalismoa, kirol-tarteetan protagonismoa eskainiz mesede bat egiten ariko balitzaizkie bezala tratatzeko joera oraindik nabarmenegia, eta, mesedez, gizonezko kirolari batek sekula erantzun beharko ez dituen galderak: amatasunaz, familia nahiaz edo familiaren egunerokoa antolatzeko moduaz, narriadura fisikoaren eragin psikologikoaz, besteak beste.

Neskatila katalanen entrenatzaileak, gizonezkoa bera, hau zioen bere jokalariez: «Futbolean jokatzen dute gustuko dutelako, eta irabazi egiten dute, gainera. Baina ez dakite tabu asko hausten ari direnik». Ez dakit modu politagorik ote dagoen egiturazko desberdintasunak leherrarazteko, uzkurrak ere argudiorik gabe utzita, gainera, naturaltasunez eta xalotasunez jardunez egitea baino. Izan ere, munduko gauzarik normalena balitz bezala egiten badugu, azkenean munduko gauzarik normalena bilaka daiteke.