Andoni ARABAOLAZA
HIMALAIA

Zortzimilakoen denboraldi berrian xede interesgarriak badira

Tenjin Sherpa nepaldarrak eta Ueli Steck suitzarrak Everest eta Lhotseren arteko zeharkaldia oxigeno gehigarririk gabe egin nahi dute. Nazioarteko talde batek, berriz, Cho Oyun bide berria zabaldu nahi du.

Himalaiako erraldoien (hots, zortzi milakoen) denboraldia hasi berri da. Mendilerro horretan dauden beste mendi txikiagoetan gertatzen ez den bezala, zortzimilakoetan azken urteotan goi mailako xedeen kopurua asko txikitu da.

Bakan batzuk baino ez dira, baina uste dugu horiek aipatzea merezi duela. Protagonista horien artean Ueli Stecken agerraldia aipatzea ezinbestekoa da. Esku artean oraindik zintzilik dagoen helburu bikain bat du: Everest eta Lhotseren arteko zeharkaldia. Gainera, oxigeno gehigarririk erabili gabe. Suitzarrarekin batera Tenji Sherpa nepaldarrak jardungo du. 24 urteko gazteari buruz, honako aipatu du Steckek: «Eskalatzen erabat disfrutatzen duen belaunaldi berri bateko alpinista da. Gogo handia dut harekin ibilbide horretan saiatzeko».

Gogora dezagun duela lau urte Simone Moro, Jonathan Griffih eta Stecek berak Everesten zirela xerpen erasoa jasan zutela. Badirudi suitzarrak gertakari larri hura gainditu duela: «Ez dut gertatutakoa inoiz ahaztuko, baina jazoera horrekin jada ez dut arazorik. Oso motibatua nago, eta sentsazio onekin abiatu naiz».

Beste zeharkaldi baten berri badugu: Kangchenjungakoa. Simone Moro eta Tamara Lunger dira saiatuko direnak. Muturreko zeharkaldi hori ez da inoiz egin. 8.200 metroko garaieratik gora 5,5 kilometro egin behar dituzte, eta astebetean biribiltzea espero dute.

Cho Oyu

Lhotse mendia aipatu dugunez, esan behar dugu Sung-Taek Hong hegokorearrak hegoaldeko aurpegian egin asmo zuen espedizioa bertan behera utzi duela. Azken orduko berriek diote erabaki horren atzean arrazoi politikoak daudela; izan ere, Txina eta Hego Korearen arteko harremanak ez dira batere onak.

Bestalde, Adam Bielecki poloniarrak, Alain Rousseau kanadarrak, Rick Allen eskoziarrak eta Felix Berg alemanak iragarri dute Cho Oyu mendiaren iparraldeko horman bide berria zabaltzeko asmoa dutela. Hori bai, estilo alpinoan.

Gogoratu behar dugu horma erraldoi horretan orain arte soilik bi bide ireki direla: esloveniarrena (1988) eta errusiar-estatubatuarrena (1997).

Azkenik, Everesten, Vladimir Strba eta Zoltan Pal eslovakiarrek hego-mendebaldeko aurpegian 1975. urtean britainiarrek zabaldutako bidean saioa egingo dute. “Jokoa” hasi baino ez da egin.