GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevista
ELENA FERNANDEZ
IDAZLEA

«Hiru mendean ezer gutxi aldatu da emakumearen egoera; harrigarria da»

Zirrara eragin zion Elena Fernandezi bere herrian, Barakaldon, 1712. urtean hamalau urteko neskato bat bortxatu eta erail zutela jakiteak. Gertakaria, tamalez, ezagunegia, garaikideegia egin zitzaion eta horren gainean idaztera deliberatu zen. Emaitza, «Cerezas amargas» nobela beltza da.


Concepcion de Tellitu gaztearen erailketak sortu zizun zirrarak eraman zaitu eleberri hau idaztera. Nola izan zenuen eraso matxista haren berri?

Lagun baten bidez. Bera ikertzailea da eta beti dabil artxiboetan euskararen gaineko erreferentzien bila, herrietan izan den euskararen erabilera ikertzen. Barakaldon, 1712an, neskato baten aurkako indarkeria kasu hau gertatu zen eta, eraso zioten unean, “ai ene desditxadea!” esan omen zuen. Horrek, euskararen aldetik, garrantzia du, 1712an halako egoera larrian dagoen neskatoak euskaraz hitz egitean bere ama-hizkuntza euskara zela uzten baitu agerian. Eskuizkribu hark euskararen aldetik zuen garrantziaz aritu ginen hizketan, baina niri kutsu mingotsa geratu zitzaidan, hamalau urteko neskatoari gertatu zitzaionagatik: jaso zuen bortxakeriazko tratuaren ostean, hil egin zuten. Buruan bueltaka nerabilen kasua, harrigarria bada ere hiru mendean emakumearen egoera ezer gutxi aldatu delako, gauza berak gertatzen baitira gaur egun ere.

Erasoaren berri eleberri forman ematea erabaki zenuen.

Bai, une batean eleberri bat idazteko kapaz sentitu nintzen. Ez nuen nobela historiko bat egin nahi, ez naizelako historialaria, eta nobela beltza gustuko dudanez bide hori hartzea erabaki nuen, baina ez soilik erailketa kontatuz, zerbait gehiago eman nahi nuen: emakumeen aurkako indarkeria jorratu nahi nuen, eta, 1700. urtean gertatu zenez, urte hartako Barakaldo ere irudikatu nahi nuen.

Dokumentazio lana eskatuko zizun horrek.

Hori da. Oso aberasgarria izan da, oso gauza bitxiak topatu ditudalako, Barakaldo guztiz ezberdina baitzen gaurkoarekin konparatuta. Bi Barakaldo horiek liburuan agertu behar zutela iruditu zitzaidan, ordukoa eta egungoa, urteotan izan den bilakaera ikus dadin.

Barakaldoren bilakaera horretan, zerk eman dizu atentzioa?

Lehenengoa, linguistek esaten dutenez, Barakaldon urte horietan euskaraz egiten zela portzentaje altu batean, herri euskalduna zela, eta egun erdalduna da, nahiz eta egia den orain apur bat errekuperatzen ari dela. Gero, bizimodua: ortuetan bildutakoa Bilboko merkatuan saltzetik ateratzen zuten bizibidea, gero etorri zen industrializazioa, eta beranduago desindustrializazioa; gaur egungo Barakaldo oso ezberdina da. Gainera, oso herri txikia zen, mila biztanlekoa, eta egun 100.000 hiritar gara. Azkenik, emakumeek egiten zuten lan gogorrak erakarri du nire arreta: ortuko produktuak jaso eta merkatura eramaten zituzten, iruleak ziren, baita zirgariak ere: itsas-adar osotik pasatu behar zuten itsasontziak itsasoratzen laguntzen zuten emakumeok. Concepcion de Tellituk Barakaldotik Bilbora joateko gurutzatu behar zuen ibaian zirgaririk bazenik ezin izan dut egiaztatu, eta horregatik ez dut eleberrian haietaz hitz egin. Baina orain gutxi, Bilbon, kale bati izena aldatu eta Zirgariak jarri diote, omenaldi gisa.

Orainaldiko Edurne, museo batean lan egiten duen arkeologoa, da eleberriko protagonista nagusia. Bera da bi istorioak eta garaiak lotzeko gakoa.

Idazten hasi nintzenean, pentsatu nuen pertsonaia berak kontatu behar zituela bi istorioak. Eta, emakumeen gaineko kontakizunak direnez, protagonistak emakumea izan behar zuen derrigor. Hasieran, hirugarren pertsonan, kanpotik ikusita, hasi nintzen idazten, baina Edurne garrantzia handia hartzen joan zen eta kontakizuna lehen pertsonan egitea erabaki nuen, istorioak duen indar hori transmititzeko. Gaur egun emakumeen aurkako indarkeria handia da, eta nahi nuen Edurne orokorrean jasotzen den indarkeria horren isla izatea.

Bi hari narratibo, eta pertsonaia bat horiek biak lotzeko. Erraza izan zen irakurlea ez galtzeko moduko egitura narratiboa topatzea?

Egia esan, hainbat modutan hasi nintzen, proba dezente egin nuen, baina ez zitzaidan bat bera ere gustatzen... Argi nuen bi garai agertu behar nituela, bi istorio kontatu behar nituela, eta ez nuen modua topatzen! Azkenean, kapituluak txandakatuz egin nuen proba, bi kontakizunak parean ipintzeko. Zalantza izan nuen irakurleak ulertuko ote zituen denbora jauzi horiek, baina badirudi baietz.

Egitura horrek ahalegin handia eskatu zidan pertsonalki, neure burua XVIII. mendean kokatu behar nuelako lehenik, mundu horretan nengoela irudikatu, paisaiak, jendea, hizkerak... eta, kapitulua amaitzean, neure burua gaurkotasunera ekarri behar nuen hurrena idazteko. Esfortzu handia izan da, baina lortu dut kontakizunak elkarrekiko paraleloan geratzea.

Autoekoizpena da.

Bai. Hala erabaki nuen, idazle ezezagun batentzat zaila delako argitaletxe batek bere liburuaren aldeko apustua egitea. Hasieran saiatu nintzen, baina askotan erantzun ere ez dute egiten. Eta autoekoiztea erabaki nuen. Pozten naiz erabaki hori hartu izanaz, oso aberasgarria izan da.

Barakaldo eta inguruetan bederen harrera ona izan omen du zure lehen eleberri honek.

Barakaldon oso ona, jendeak irakurtzen duenean lekuak ezagutzen dituelako, badaki nondik doan... Eta hori plus bat da. Bilbon egindako aurkezpenetan ere jendea jakin-minez hurbildu da, zoriondu naute... Pozik nago izan duen erantzunarekin.

Eta, harrera ikusita, baduzu idazten jarraitzeko asmorik?

Orain gogoak topera ditut. Hurrengoa noiz argitaratuko dudan galdetzen didate askok eta horrek idazten jarraitzeko indarra ematen dit. Ideia batzuk baditut, baina momentuz ez dut idazten hasteko astirik izan. Denbora behar da, ideiak ondo bideratu behar dira irakurlearen interesekoak eta entretenigarriak izan daitezen.

Beltzetik joko duzu?

Hori da niri gustatzen zaidana, beraz, ziur asko bai. Badakit jendeari puntu komikoa duten istorioak ere gustatzen zaizkiola, baina hori ez da nire estiloa. Batzuetan ezin da aukeratu, gaiak edo pertsonaiek aukeratzen zaituzte zu, eta nik uste beltzetik joko dudala, bai.