14 ABR. 2017 Berezkoak Finalerdietarako azken txartela, gaur jokoan Jon LEUNDA Berezkoen Binakako Txapelketako finalerdietan izango den laugarren bikotea zein den argitzea falta da, eta hori gaur bertan erabakiko da Arrangoitzeko trinketean. Alde batetik, Lehen Mailako Txapelketako lehen fasean laugarren amaitu zuten Waltari eta Gixandut lehiatuko dira, eta bestetik, berriz, Bigarren Mailakoan aurrena izan ziren Laurent Lanbert eta Palomes izango dira. Dudarik gabe, Lehen Mailakoak izango dira txartela irabazteko faboritoak, baina hori kantxan erakutsi beharko dute. Lehen Mailako lehen fasea ez dute txarra egin Waltarik eta Gixandutek, baina neurketarik garrantzitsuenean galdu zuten Bielleren eta Lanberten aurka, eta finalerdietan zuzenean izatetik kanpo geratu ziren. Laurent Lanbert eta Palomes galtzeko ezer gabe etorriko dira neurketa honetara. Galduta ere badakite Bigarren Mailako finalerdietan izango direla, eta ondorioz ezustea emateko gogoz kantxaratuko dira. Waltarirentzat eta Gixandutentzat Bigarren Mailako finalerdietan izatea kolpe handia litzateke. Jaialdia 18.30ean hasiko da, eta txapelketako partida bigarrena izango da. Finalerdietan izango diren gainerako bikoteak zeintzuk diren jadanik jakina da. Horrela, Ospital eta Ducassou, Larralde eta Bilbao eta Bielle eta Ximun Lanbert daude Lehen Mailakoan. Bigarren Mailan, berriz, Intxauspe eta Amulet, Elgart eta Ezkurra eta Monze eta Luku. Apirilaren 21ean eta 22an jokatuko dira bi finalerdiak, bat Angelun eta bestea Donibane Garazin. Lehen Mailako finala apirilaren 30ean Baionan jokatuko da, eta Bigarren Mailakoa, berriz, maiatzaren 7an Milafrangan.