GARA Euskal Herriko egunkaria
BLOKEA

Muturreko zailtasunean gero eta indar gehiagorekin

Anna Stohr, Mile Heyden eta Melissa Le Neve 8b+ graduan sartu diren bitartean, Nina Williams-ek 8a graduko «highball» bat lortu du.


Emakumezkoen blokeko munduan gero eta espezialista gehiago muturreko zailtasunean muturra sartzen ari dira. Azken jarduerak ikusita, lasai asko esan dezakegu 8b+ gradua nahiko sendotuta dagoela. Bederen, hala adierazi nahi izan dute Anna Stohr, Mile Heyden eta Melissa Le Neve-k, zailtasun horretako bloke bana sinatu ondoren.

Hiru protagonista horien berri emango dugu, baina Nina Williams-i ere txoko bat egin nahi diogu nesken artean boulderrak duen beste estilo batean eskalada bikaina egin duelako. Highball-ei edo bloke garaiei buruz ari gatzaizkizue. Bada, estatubatuarra gai izan da 14 metroko “Ambrosia” blokea (8a) egiteko.

Aurkezpen hauek egin eta gero, 8b+ gradua poltsikora eraman duten hiru eskalatzaileen lanak aipatuko ditugu. Eta hasi Stohrrekin hasiko gara. Zailtasun horretan sartu den azkena da, baina azpimarratu behar dugu agerraldi hori ikusgarria izan dela; izan ere, egunean 8b eta 8b+ egin zituen.

Berez, eskalatzaile hau nazioarteko lehietan lortu dituen emaitza ikaragarriengatik ezagunagoa dugu; besteak beste, Munduko Kopa lautan irabazi du, Munduko Txapelketa bitan eta Europako Txapelketa beste bitan. Hots, boulderreko lehien historian espezialista handiena dugu.

Baina aurreratu dugun bezala, arrokan ere ez da motz geratzen. Duela aste gutxi batzuk, Magic Wood-en (Suitza), austriarrak egun bateko jardunean 8b-ko bloke bat (“Steppenwolf”) eta 8b+ graduko beste bat (“New base line”) sinatu ditu. Era horretara, gainera, Stohr 8b+ esferan sartu da; hori egiten munduko zortzigarren eskalatzailea izan da.

Austriarrak berak aitortu du izan zuen egun borobil horrekin erabat harrituta geratu zela: «Batzuetan neure buruarekin ezustekoak hartzen ditut, eta Magic Wood-en egin dudanarekin hori gertatu zait. Bi bloke horiek egin baino egun batzuk lehenago, haien mugimenduak probatu nituen, eta ezustean oso azkar igo ditut».

Gogoratu behar dugu, gainera, “New base line” Suitzako blokeko eremu horretako erreferentzia bat dela. Berez, lehen aldiz egin zenean 8c bezala aurkeztu zuten, baina errepikatu zuten hurrengoek 8b+ graduan utzi zuten.

“Steppenwolf” blokeari dagokionez, austriarraren zazpigarren 8b zailtasuneko blokea izan da.

Bigarren protagonista Le Neve dugu. Stohr-en aurretik, frantziarra 8b+ egiten seigarren emakumea izan da, baina, aipatu dugun bezala, austriarraren jarduna berezia izan zen oso.

Le Nevek Fontainebleauko “Mecanique elementaire” egin berri du. Bloke hori egiten lehen neska izan da, eta horretaz gain, Frantziako baso horretan emakumezko batek inoiz egin duen boulder gogorrena lortu du.

Eskalatzaile honek Fontainebleauko 8b+ graduko bloke hori egin bezain laster, zera adierazi zuen: «Inoiz egin dudan bloke gogorrena patrikara sartu dut. Baina, batez ere, erronka oso berezi bati amaiera eman diot. Mugimendu luzeko eta buruari asko eskatu dion xedea izan da. Azken mugimenduan eroriko asko izan ditut, baina, zorionez, muga hori gainditzeko gai izan naiz».

Frantziar honi buruz esan behar dugu muturreko zailtasunean progresio oparoa izaten ari dela. Azken hilabeteotan goi mailako jardunak egin ditu. Joan den abenduan, bere lehen 8b igo zuen: “La cicatrice de l´ohm” (Fontainebleau). Eta orain, berriz, “Mecanique elementaire”-rekin 8b+ graduan sartu den seigarren neska izan da.

Zazpigarrena, bestalde, Mile Heyden izan da. Duela gutxi, alemanak “Feuerwalze” (Schwabische Alb) egin zuen. Baina azpimarratu behar dugu ezusteko berri bat izan dela; izan ere, Heyden-ek zailtasunean egundoko urratsa egin du. Bai, 8b+ hori egin baino lehen, soilik 8a batzuk zituen. Beraz, irakurtzen den bezala, hiru graduko saltoa izan da.

Heydenek adierazi duenez, “Feuerwalze” blokera hurbildu zen haren bigarren zatian (8a) saio batzuk egiteko: «Lehen eguneko ekinaldietan zati hori egin nuen. Beraz, nire lehen 8a zen. Hori duela hiru urte izan zen. Ingurukoek esan zidaten blokea oso-osorik (8b+) probatu behar nuela, eta lan horretan jarri nintzen. 15 mugimendu ditu, eta horietako batzuk oso luzeak dira. Bloke horren mugimendu guztiak menderatu ahal izateko, nik antolatutako rokodromo batean korapilo horren mugimendu guztien erreplika bat egin nuen. Horietan jo eta su jardun dut, baita azkenean nire helburua erdietsi ere».

Highball

8b+ edo muturreko zailtasun hori alde batera utziko dugu, eta boulderrak duen beste estilo batean Williamsek sinatutako eskalada aipatu behar dugu.

Estatubatuarrak 14 metroko garaiera eta 8a zailtasuna duen “Ambrosia” egin berri du. Bloke hori Buttermilks-en (AEB) dago, hots, highballen edo bloke altuen “paradisuan”.

“Ambrosia” Buttermilksen dagoen izen handiko bloke bat da. Hura egin dutenak ez dira asko, balizko erorikoak oso-oso arriskutsuak direlako. Ausartu eta highball hori lortu dutenen artean Alex Honnold edo Enzo Oddo bezalako espezialistak daude. Baina estatubatuarra agertu arte, “Ambrosia”-k ez zuen nesken igoerarik.

Nahiz eta izaera horretako blokeekin ohituta dagoen, Williamsek adierazi du egin duen lana berezia izan dela oso: «Saio bakoitzean top-rope bat antolatzen nuen. Plaka hori oso arriskutsua da, eta egin ditudan hamar saioetan buruak asko eskatu dit. Behin bakarka integralean egiteko prest nengoenean, lurrean hamabost koltxoneta jarri nituen. ‘Ambrosia’, azkenean, otsailaren 28an egin nuen. Ondoan lau argazkilari eta bi blokezale zeuden. Aitortu behar dut egun borobila izan zela; izan ere, oso lasai eta eraginkor eskalatu nuen. Beste saio batzuetan, beldurra dela medio, koltxonetara salto egiten nuen. Baina behin betiko ekinaldian burua bere lekuan nuen, eta “Ambrosia” poltsikoratu nuen».