19 ABR. 2017 Aizkora Zalduak eta Alberdik ez dute hutsik egin Bakarkakoan Zumarragakoa eta Azkoitikoa hurrengo kanporaketan izango dira. Jon LEUNDA Xabier Zaldua eta Julen Alberdi ziren Urrezko Aizkorako Bakarkako kanporaketa gainditzeko bi faboritoak, eta biek aurreikuspenak bete eta aurrera egin zuten. Saio honetan sei aizkolari lehiatu ziren, eta lehen fasean bi multzo egin zituzten. Hasteko, 45 ontzakoa erlojuz kontra ebaki behar zuten, eta gero kana-erdiko bat eta 60 ontzako bat. Lehen multzoan, Zaldua izan zen onena, nahiz eta abiadurako proba Alkizalete II.ak irabazi zuen. Asteasukoak 11 segundo kendu zizkion Zalduari. Bigarren lanean, ordea, Zumarragakoak aurre hartu zion Alkizaleteri, 18 segundo kenduz. Lan guztiak burutzeko, 7 minutu eta 28 segundo behar izan zituen Zalduak, sei segundo gehiago Alkizaletek, eta 13 segundo gehiago Rodriguez II.ak. Bigarren kanporaketan, Alberdik aldeak berehala egin zituen, eta bi probetan jaun eta jabe izan zen azkoitiarra. Lan guztiak burutzeko, 5 minutu eta 9 segundo behar izan zituen. Mugertza III.a minutu eta 17 segundora sailkatu zen, eta Etxeberria II.a, minutu eta 26 segundora. Beraz, final batean, Zaldua Mugertza III.arekin lehiatu zen. 45 ontzakoa zutik jarrita ebaki behar izan zuten lehenengo, eta ondoren 60 ontzakoa eta kana-erdikoa, enbor hauek etzanda jarrita. Bietan zen garaile Zumarragakoa. Lan guztiak amaitzeko, 7 minutu eta 15 segundo behar izan zituen, eta minutu eta 45 segundo gehiago Mugertzak. Beste finalean, Alberdi eta Alkizalete lehiatu ziren. Lehen lanean segundo bateko aldea atera zuen Alkizaletek, baina iraupenekoan Alberdik ez zuen barkatu. Azkoitiarrak 7 minutu eta 49 segundoan burutu zituen lanak, eta Asteasukoak, minutu eta 2 segundo gehiago behar izan zituen. ALKIZALETEAlkizalete sailkatu zen hirugarren postuan. Asteasukoak ere lan oso ona egin zuen, eta finalean bertan ere lehen proban Alberdiren aurretik zen, baina iraupenekoan azkoitiarrak alde handia kendu zion.