GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Herriak egiten ditu legeak eta epaileak herriaren menpekoak dira, ez alderantziz


Nola egiten dira legeak? Nork egiten ditu? Nork aldatzen ahal ditu? Jendartearen elkarbizitzaren antolakuntzarako galdera funtsezkoak dira aipatutakoak eta luze eta zabal eztabaidatu dira mendeetan zehar, baita gaur egun ere. Madrilgo zein Iruñeko espainiar epaileek Nafarroako Parlamentuak erabateko gehiengoaz hartutako erabakiak bertan behera utzi izanak eztabaida hau piztu du, berriro ere, irizpide demokratikoa eta autoritarioak elkarren kontra jarri direlarik.

Espainiar epaileak idatzi dut, Konstituzionala, Gorena eta Nafarroako Auzitegia espainiar justizia aparatuaren euskarriak direlako, euskal herritarrok ez baitugu estaturik, ezta euskal justiziarik ere. Euskal erabakiak ez dira erraz uztartzen espainiar justiziarekin, justizia ulertzeko espainiar eredu nagusiak ezarritako legeak herriaren borondatearen gainetik jartzen dituelako. 78ko erregimenaren oinarrietako bat dugu hori, bestela esanik: Konstituzioaren menpeko politikaren mugak ezin dira zeharkatu. Are makurrago, gurean bezala, herri ezaugarripena errespetatzen ez delarik.

Honek esan nahi du, hitz gutitan, espainiar epaile batek (edo talde batek) nafar boto-emaile gehienek baino erabakitzeko ahalmen indartsuagoa du(t)ela. Eta hala izanen da gaur egungo botere harremanak errotik eraldatzen ez ditugun bitartean. Batzuek uste dute irtenbidea espainiar Estatuaren buruan gure herriaren erabakiak errespetatuko dituzten demokratak jartzea dela. Ez dut inon hori lortzeko estrategia bideragarririk atzematen, egia esan, ezta ausardiarik ere. Esanguratsuki, tramaz mintzo dira batzuk orain, erregimen aldaketa eta prozesu konstituziogileak ahantzita.

Gauzak horrela, beste norbaiten borondate zintzoaren zain bizitzea baino hobe dugu gure elkarbizitzaren jabe egitea. Geure legeak egin eta betearaztea; hots, herria legeen eta epaileen gainetik jarriz.