Mieltxo Mindegiak eta Mujikak lortu dute Urrezko Bakarkoan aurrera egitea
Zubietarrak aurreikuspen guztiak bete zituen jokatutako bi saioak irabazita.Bereak izan ziren denborarik onenak. Ibarrakoak ere iragarpenak bete zituen.
Mieltxo Mindegiak eta Jexuxmari Mujikak lortu dute Bakarkako Urrezko Aizkoran aurrera egitea, atzo jokatu zen kanporaketako bi onenak izan baitziren. Sei aizkolari lehiatu ziren bi multzotan banatuta, eta bakoitzeko aurreneko biek lortu zuten finalera sailkatzea. Horrela, multzo bakoitzeko aurreneko sailkatuek besteko bigarrenaren aurka jokatu zuten finala, eta haietako irabazleak izan ziren aurrera egin zutenak.
Multzo batean Mindegia, Elorriaga II.a eta Toledano lehiatu ziren. Aurrena, 45 ontzako enborra erlojuz kontra ebaki behar izan zuten, eta jarraian kana-erdiko bat eta 60 ontzako bat. Mieltxo zen atzoko faboritoetako bat, eta Donezteben bizi den zubietarrak ez zuen hutsik egin, jokatu zituen bi probak aise irabazi baitzituen, eta bereak izan ziren, gainera, atzoko denborarik onenak. Bere lanak 6 minutu eta 26 segundoan burutu zituen. Elorriaga II.ak 9 minutu eta 25 segundo behar izan zituen, eta 10 minutu eta 35 segundo, berriz, Toledanok. Hemen Elorriagak lortu zuen sailkatzea, baina uko egin zion finalean aritzeari, izan ere, zutik jarritako enborra ebaki behar zuten, eta Zumarragakoak lan horretan jardun gabea zela esan zuen, eta ez parte hartzea erabaki zuen. Ondorioz, Toledano sailkatu zen.
Bigarren multzoan, Mujika, Txapartegi eta España lehiatu ziren. Multzo hau bestea baino askoz ere lehiatuagoa izan zen. Mujikak lortu zuen garaipena, bere lanak 6 minutu eta 12 segundoan burututa. Atzetik sailkatu zen Txapartegi, bereak 6 minutu eta 59 segundoan amaituta, eta azkena España geratu zen. Segoviarrak bere lanak egiteko 7 minutu eta 53 segundo behar izan zituen. Hemen Mujika eta Txapartegi izan ziren sailkatu zirenak.
Faboritoak
Finalean lana aldatu egin zen. Hasteko, zutik jarritako 45 ontzako enborra ebaki behar izan zuten, eta ondoren kana-erdiko bat eta 60 ontzako bat, azken bi enborrak etzanda jarrita. Zutik jarritako lan horrek lanak emango zituen susmoa bazegoen, baina ez zuen ezer erabaki. Final batean Mieltxo Mindegia izan zen garailea. Zubietakoak bi lanetan lortu zuen garaipena, eta lan guztiak 6 minutu eta 49 segundoan burutu zituen; eta Txapartegik, berriz, 7 minutu eta 20 segundoan amaitu zituen egin beharrekoak.
Beste finalean Mujikak lortu zuen garaipena. Ibarrakoak bi probetan lortu zuen, gainera, garaipena. Lan guztiak 10 minutu eta 48 segundoan amaitu zituen, eta 13 minutu eta 7 segundoan, berriz, Toledanok. Esan dezakegu, beraz, bi faborito nagusiek lortu zutela sailkatzea. Eurekin batera Txapartegi zen bestea, eta Aizarnakoa ere final batean izan zen. Ez zen inongo ezusterik izan atzoko saioan.
Urrezko Aizkoran datorren asteburuan izango dute aurtengo lanik handienetakoa; izan ere, hiru ekitaldi ezberdin iragarri dituzte. Horrela, ekinaldiak ostiralean abiatuko dira Gasteizen, Armentiako zelaietan, eta 12.30ean hasiko da saioa. Larunbatean, berriz, Zumaian izango da ekinaldia, 12.00etatik aurrera. Astelehenean, Lazkaon, 13.00etan hasiko da saioa.