Mikel Jauregi
Kazetaria
IKUSMIRA

Inbidia (II)

Giza-katearen Diada historikoa eta bi egunera, orrialde honetan bertan: «Rocco Sifrediren 24 zentimetroko zakil ezin irmo eta zuzenagoari begira, lerdea dariola, dabil bat eta bi baino gehiago asteazkenetik. Inbidiatan. Haren pare jartzearren, hankartekoa luzatzeko tramankulu horietako bat erosterik egon badago, edo, aitzitik, naturak emandako txori txiki oker hau apreziatzen ikasi, behar duen lustrea eman eta larrutan gero eta gehiago gozatzen hasi». Bada, tira, ez zen guztiz egia inbidiatan ez nengoenik kataluniarren ibiliarekin, baina txiki-oker autoktonoaren esnatzea desiragarriago egiten zitzaidan (eta zait).

Aitorpena hiru urte eta erdira dator; zorra kitatzeko, bai, eta aitorpen handiago bat egiteko: inori inbidiarik izatekotan, Mariano Rajoyri. Bere alderdia berriz ustelkeria kasu batek bete-betean kolpatu duenean, Amerikan ibili da gizona lasai tankeran, itsu-mutu-gor superbotereak lantzen inork Gonzalez-Aguirre abizenak aipatzen zizkion aldiro.

«Zirkinik ez eta ixo» taktika goren-goreneko mailara eramaten jakin eta, hala ere, uzta biltzen segitzeko halako gaitasuna duenari nola ez izan inbidiarik? Nola gainditu hori?

Bada, ahal da. Eta hortik dator aitorpenik handiena: niri, egiaz, inbidia EAJk ematen dit. «Hori ez da gertatuko», erantzun zion egunkari honi Joseba Egibarrek hauteskunde kanpainan, PPrekin akordatzeko tentazioaz galdegin zionean. Sei hilabete geroago, eskutik dabiltza Gasteizen eta, argazki-kideak inoiz baino ustel usain handiagoa duenean, Madrilen ere nahi du. Sosen txintxinarekin eta eskumenen baten lurrinarekin disimulatuko ditu gero kiratsa eta gezurra. Kito. Hori pagotxa!