Ikusmin handia sortu du Adunako Gorostidi Harria txapelketak
Gorostidi Harria txapelketa jokatuko da bihar, 18.00etatik aurrera, Adunako pilotalekuan. Egungo harri-jasotzailerik onenetakoak han izango dira lanean eta guztien gainetik Aimar Irigoien izango da, txapela lortzeko faborito nagusia.
Errezildarrarekin batera, Jokin Eizmendi, Xabier Aranburu, Iban Ugartemendia, Joseba Ostolatza, Aimar Galarraga, Urtzi Telleria, Izeta III.a eta Izeta IV.a jardungo dira lanean.
Bakoitzak 139 kiloko harri baldarra, 150eko zilindro zaharra, 155eko zilindro zaharra, 160ko zilindro zaharra eta 175eko zilindro zaharra erabili beharko ditu. Harriei jasoaldi bana eman beharko diote, zerrendan agertzen diren bezalaxe, ahalik eta denbora laburrena eginez, eta lanerako 10 minutu izango dituzte.
Txapelketa amaitutakoan, nahi duenak aukera izango du 185 kiloko zilindro zaharra esku bakarraz jasotzeko, eta norbaitek lortzen badu, 500 euroko saria jasoko du. Harri horrekin marka egin zuen Iñaki Gorostidik, 77 kilo pisatzen zituela. Txapelketa egin den guztietan harri hori hor egon da, baina inork ez du jaso, ahaleginik egin ere ez, baina aurtengoan norbait saiatuko ote den susmoa badago; halere, bihar arte ezingo da hori jakin. Lortzen duenarentzat sari oso polita dago.
Faboritoez hitz egitean, garbi dago faboritoa Aimar Irigoien dela. Errezildarra ongi baldin badago, zaila izango da bera gainditzea. Ikaragarrizko maila duen harri-jasotzailea izateaz gain, oso bizia ere bada, eta lan honetarako bizitasun hori beharrezkoa da indarrarekin batera. Bera da irabazteko faborito bakarra, baina Jokin Eizmendi eta Joseba Ostolatza bera ere kontuan hartu beharrekoak dira, errezildarraren hutsegiteren bat baliatzeko prest egongo baitira.
Maila handia
Maila handiko lehiaketa bihurtu da hau, eta jendetza gerturatzen da berau ikustera. Bihar ere ez da gutxiago izango. Bakarren bat edo beste falta den arren, egungo onenak bertan izango dira, eta izenei begiratuta saioak ez dauka inongo aitzakiarik. Jendea asko erakartzen duen txapelketa da, baina ez izenez bakarrik, jokatzeko era ere oso erakargarria jarrita dago, eta ikusleek gozatu egiten dute.
Harri ezberdinak erabiliko dituzte, eta denak txanda batean, bakoitzari bi jasoaldi ahalik eta azkarren emanez. Hori ez da ohikoa izaten txapelketetan eta torneoetan, eta horrek berak ere saio oso polita eta bizia egiten du.