01 MAY. 2017 ZIRIKAZAN Ez diezaiegun erraz jarri Josebe EGIA Bilboko taberna batean, paretan eskegita dagoen arbeltxo batean, emakumezko zerbitzariak esaldi bat idazten du egunero, ironikoa, satirikoa, barregarria edo, gaurkotasuneko gaiekin lotuta, bezeroei eguna alaitzea xede, irribarrea eragitea, behintzat. Duela gutxi, neska gazteentzako bat idatzi zuen, depilazioaz, esanez goitik behera hasi behar dela, ezin dela hankartea bilorik gabea izan eta bekainak, ordea, Gallardon jaunaren parekoak, eta «ez horregatik» irakaspenagatik. Gustu txarrekoa, desegokia edo desatsegina izan daiteke, eta da (emakumeon askatasuna gorroto duen ministro ohia gogora ekartzeagatik besterik ez bada bada ere), baina anekdota hutsa, halere, alde batera utzita emakumeok norbere gorputza nahi bezala eramateko eta horregatik inolako judiziorik ez jasateko errealitatea kimera hutsa dela oraindik, alde batera utzita halako «graziek» ez dutela batere laguntzen ez hura gauzatzen, ez orokorki emakumeon askapenean, alde batera utzita depilazioak berak berariazko hausnarketa bat ere merezi duela… Ziurrenik, jendeak «alde batera utzita» horiek guztiak, hain zuzen, alde batera uzteko inolako gogorik gabe zabaldu du sare sozialetan, egungo plaza eta epaitegi publiko beldurgarri horietan, aipatu tabernaren kontrako kanpaina, bortitz samarra, antza. Tabernaren jabeak ustekabean harrapatu ditu zurrunbiloak, txundituta eta lur jota utzi dituzte jendearen zorroztasunak eta gogorkeriak, esaldiaren egilea, bereziki, zeinak bere burua feministatzat duen inolako zalantzarik gabe, beti emakumeon aldean, beti bat eginda berdintasunaren aldeko hiriko ekimen ororekin, Martxoaren 8arekin, bere eguneroko bizimoduan, eta tabernan bertan, gizonezkoei bat bera ere ez onartzeko jarrerarekin… Beraz, inor mindu nahi ez zuelako, are gutxiago andrazkoak, mea culpa aitortu eta barkamena eskatu du publikoki. Aukera paregabea emateaz batera, pasadizoak oro har, bizpahiru gogoeta funtsezko eragiteko: matxismo txikiena ere detektatzeko orduan, salatzeari merezi duen garrantzia emateko garaian, non dago salaketaren eta lintxamenduaren arteko muga; non, emakumeoi eta feminismoari mesede egingo badigu, bataren eraginkortasunaren eta bestearen hutsaltasunaren arteko aldeaz jabetzeko zorroztasuna; non, kontrako interesdunek ez dezaten erraz eduki borroka feministari paranoia eta edonon, edonori, edozeri ertza topatzeko grina egozteko aukera, umore baldarra eta eraso sexista bereizteko adimena.