GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Macronen eta Europaren beharrak bat datozenean


Hauteskunde frantsesen bigarren itzuliaren aurreko astean, bi hautagaiek zorrotz neurtzen dute agerraldi eta adierazpen bakoitza. Kontrako norabidean doazela ere badirudi kasu batzuetan: Marine Le Pen ustezko zentrorako bidean, eskuin muturreko izaera soineko berriekin estali nahian; Emmanuel Macron, ordea, bere aurkariaren sareetan arrantzan. Horrela ulertu behar da atzo eskainitako titularra: Europar Batasuna sakonki erreformatu ezean, “Frexit”-a etorriko da. Alegia, Estatu frantsesak EB utziko duela.

Macronek ez zuen irtetea defendatu, baina Europa ez erreformatzea bere herritarrak traizionatzea litzatekeela esan zuen; izan ere, lehenengo itzulian gaur egungo Europako arkitektura politiko eta ekonomikoa defendatzen zuten hautagaiak ez ziren botoen %50era iritsi. Macronen keinua, beraz, ulergarria da, baina Le Penen diskurtsoaren baitan kokatzen du bere burua, eta hori ez da inoiz negozio ona izaten politikan. Are gehiago oportunismoa hain agerikoa denean: Macronek sutsuki defendatu zuen Europar Batasuna lehenengo itzuliko kanpainan eta bere programa ekonomiko neoliberala, murrizketez josia, Bruselaren eta Berlinen zigilua daraman austeritatearen sakontzearekin lerrokatzen da.

Hala ere, Macronena jolas arriskutsu eta oportunista izan arren, egia handi bat jartzen du mahai gainean: izaten jarraitu nahi badu, Europar Batasunak berandu baino lehen ekin beharko dio birfundazio bati. Eta aurreko astean aurkeztutako Eskubide Sozialen Zutabeak makillaje bezala ere ez du balio. Ekonomia eta finantzak botere politikoaren eskuetara itzuli eta botere hori Europako herri eta herritarrek demokratikoki erabiliko dutela bermatzen ez duen edozein erreformak bere baitan izanen du porrotaren hazia. Hala bada (eta hala dirudi Alemaniak ez badu bere jarrera aldatzen), Fronte Nazionalak bidea garbi dauka aurrera jarraitzeko, atzo Macronek esan bezala.