02 MAY. 2017 «Zeruko» estreinatuko du Kresalak, «konstelazioen drama koreografikoa» «Konstelazioen drama koreografikoa» da, Faustino Aranzabal koreografoaren hitzetan, larunbat honetan Kresala dantza taldeak estreinatuko duen «Zeruko» ikuskizuna. Zeinu astralen gisan, hamabi piezak osatzen dute obra hau eta, horien bidez, «maitasuna, tragedia eta pasioa nola ikusten dugun erakutsiko dugu, erreferentzia unibertsalak diren mito eta kondairak oinarri hartuta». Donostiako Victoria Eugeniak hartuko du «Zeruko»-ren estreinaldia. Última actualización: 02 MAY. 2017 - 06:39h Amalur ARTOLA DONOSTIA Estreinaldi berriarekin igoko da larunbatean Kresala dantza taldea Donostiako Victoria Eugenia antzokira: “Zeruko”. «Nik ulertzen dudan moduan, XXI. menderako egindako proposamen koreografiko berri bat da; dantza tradizionala, historikoa eta espresionista uztartzen ditu eta badu dantzaren ikuspegi berritu bat, eredu koreografiko eta estetiko berezi bat», azaldu du Kresalako zuzendari artistiko Faustino Aranzabalek. “Zeruko” «konstelazioen drama koreografiko» gisa deskribatzen du eta horren adierazle da ikuskizuna hamabi piezatan banatu izana, zeinu astralei keinu eginez. Horietako bakoitzak Euskal Herriko zein munduko zibilizazio, historiako pasarte edo kondaira bati egiten dio erreferentzia –“Beltxarga zuria”, “Faunoaren labirintoa”, “Babiloniar biribila”, “Bufoi eroa”, “Janto”, “Ageda”, “Agoteen erromantzea”, “Hiru damatxo”, “Ürrütiko khantoria”, “Zelaietako loreek”, “Ternua” eta “Errautsak garizumakoa” dira piezen izenak– eta, Aranzabalen iritziz, erreferentzia unibertsal gisa funtzionatzen dute. «Oinarri gisa mito eta kondairak hartu ditugu, dantza bilduma teatral txiki hau osatzeko. Gure ildotik jarraituz, maitasuna, tragedia eta pasioa nola ikusten ditugun erakusten du, unibertsalak diren erreferentzia horiek erabiliz», azaldu du koreografoak. Ikuskizuna osatzeko, Aranzabalek idazle ezagun zein anonimoen testuak ere erabili ditu –besteak beste, William Shakespeare, Joanes Leizarraga, Joxanton Artze edota Beñat Axiari– eta eszenografia aldetik obra «oso xumea» dela dio: «Espazio hutsa, beltza izango da nagusi, eraikiko dugun mundu poetiko-bisuala bideratzen laguntzeko. Azkenean, agertokian gertatzen dena benetakoa da: dantza emozioak eta sentimenduak barrutik kanpora adierazteko erabiltzen dugu». Obraren gaineko lehen gogoetak orain bi urte egin zituen Aranzabalek eta ikuskizuna osatzen eta entseguetan, aldiz, zortzi hilabete inguru daramatzatela adierazi du. Hasieran, obra hau aurrez Kresalak oholtzaratuko dituenen aldean «oso ezberdina» zela iruditu bazitzaion ere, egun aurreko lanen jarraipen gisa ikusten du “Zeruko”: «Orain entseguetan gabiltzala, argi ikusten dut hori, iruditzen zait baduela nahiko linea koherente bat aurreko ekoizpenekin», azaldu du “Keinuka” (2013), “Oteizaren kaxa beltza” (2014) eta “Rodchenko” (2015) ikuskizunei erreferentzia eginez. Dantza tradizionalaren papera Izan ere, egin dituzten lan gehienetan dantza tradizionalak gaur egun betetzen duen lekuaren gaineko gogoeta egin dutela ekarri du gogora Aranzabalek, hori dutela helburu: «Lehen bezalaxe, egun ere kezkatzen gaituzten gauzekin jarraitzen dugu. Garaiotan, gaur, hemen eta orain, zein paper duen dantza tradizionalak, hori da azken batean guk jorratzen duguna». Horretarako, eredu eta formula ezberdinak ikertu eta material, teknika eta proposamen berriak ekartzen saiatzen direla ere gaineratu du. «Eta lan honekin pauso bat gehiago ematen dugu bide horretan. Hausnarketa horren guztiaren emaitza fisiko eta kontzeptuala da ‘Zeruko’ obraren estreinaldian ikusi ahalko dena», nabarmendu du. Ikuskizuna, esan bezala, larunbatean estreinatuko da Donostiako Victoria Eugenia antzokian, 20.00etan. Horren ostean, aurreko ekoizpenekin dituzten «konpromisoak bete» eta “Zeruko” obrarekin biran 2018. urtean hasiko direla iragarri du Aranzabalek.