04 MAY. 2017 Literaturaren ispiluan begiratzeko erronka jarri dio irakurleari Literaturiak Bizitzatik elikatzen da literatura. Bizipenetatik. Esperientzia subjektiboetatik. Eta, zenbaitetan, gertatzen da irakurleak bere sentitzen dituela esperientzia horiek, bere burua irakurtzen duela lerro artean. Ispilu batean bezala. Zarauzko Literaturia jaialdiak, ispilu horri begiratzeko erronka egingo dio irakurleari, maiatzaren 25etik 28ra bitartean. Amalur ARTOLA DONOSTIA Elkarri begira, aurrez aurre, bi begi; parean duten begian euren begirada topatu nahian bezala. Irudi horixe aukeratu dute maiatzaren 25etik 28ra Zarautzen ospatuko den Literaturia jaialdia islatzeko. Izan ere, aurten, “Ispilua” gaitzat hartuta, “Literaturia gure isla da” lelopean ospatuko da jaialdia, «liburuek bezala, Literaturiako ekitaldiek ere aukera ematen dutelako norberak bere buruarekin topo egiteko eta, agian, baita ezagutzen ez dituen alderdiak deskubritzeko ere», zehaztu zuen Ana Galarragak Donostiako Kaxilda liburu-dendan atzo egin zuten aurkezpenean. Bertan izan ziren Petti eta Irati Jimenez ere, Literaturiara eramango duten ikuskizunaren aurrerapena eskaintzeko. Idazleak, Txalapartarekin argitaratutako “Musua”, “Odola” eta “Gatza” liburukietan egin bezala, hitz zehatz baten –kasu honetan “Ispilua”– gaineko gogoetez eta datu esanguratsu edo bitxiez osatutako testuaren irakurraldia eskainiko du; eta Pettik, aldiz, gogoeta sustatzeko abestiak interpretatuko ditu. “Nigan, ispilu batean bezala” izenburua daraman ikuskizuna Modelo antzokian emango dute, ostiralean 20.00etan, eta aurretik “Zergatik bi?” manifestua irakurriko dute Katixa Dolhare eta Bea Salaberri idazleek (19.30). Jaialdia ofizialki saio bikoitz horrekin irekiko bada ere, ostegunean izango da ekitaldirik Zarautzen: Markos Gimeno Vesgak “SkizopozikS” errezitaldi «hitzperimentala» eskainiko du, 20.00etan, Modelon. Antzoki horrexek hartuko ditu halaber, larunbatean, Bihotz Bakartien Klubaren “Jaungoiko guztiak ukatzen dituen emakumea naiz” (11.30ean), Artedramaren “Hozkailua” antzezlana (17.00etan), Manex Agirrek eta Gaizka Amondarainek Joxe Azurmendiren “Manifestu Atzeratua” (1968) oinarri hartuta osatu duten “Aginako zero bat” ikuskizuna eta Lou Topet-ek Pete Seeger-en abestietan oinarrituta eskainiko duen kontzertua. Igandean, Mikel Ayerbek gidatuta “Literatura, ispilua ala leiho?” gaiaren inguruan solastatuko dira Iban Zaldua eta Miren Gorrotxategi (12.00), Ageda Kopla Taldearen “Beti bezperako koplak” film laburra ikusi ahalko da (13.15) eta, arratsaldean, Txillardegiren “Elsa Scheelen”-en irakurraldi dramatizatua izango da eta “Sakaponetara, memoriaren ispiluarekin” ikuskizuna oholtzaratuko dute Amagoia Gurrutxaga, Lorea Agirre, Ainara Lasa, Idurre Eskisabel, Iraia Elias, Josu Landa eta Jose Luis Otamendik. Jon Braunen Tipia Nobedaderik ere badakar aurtengo jaialdiak. Iazko irailean zendu zen Imanol Urbietaren omenez, Musika Plazako kioskoa “Jon Braunen Tipia” bilakatuko dute antolatzaileek eta gune berri honetan bilduko dituzte haur eta gazteei zuzendutako proposamenak (Imanol Merceroren “Begiekin irakurtzeko” saioak, Pello Añorga eta Jokin Mitxelenaren “Ispilutxo” edota Yoseba Peñaren “Baloiak arboletan” liburuen aurkezpenean, Iban Ferreraren “Poesia gazteentzat” tailerra...) eta, ohi bezala, larunbatean egun osoz eta igandean goizez literatura zaleak, idazleak eta editoreak batzen dituen liburu azoka egingo da, hau ere Musika Plazan. Elkar, Susa, Txalaparta eta Maiatz argitaletxeek stand bana jarriko dute eta Iruñeko Karrikirik ere jarriko du berea, argitaletxe ezberdinetako proposamenak ekarriz. Garoa liburu dendan, bestalde, azken nobedadeen aurkezpenak izango dira larunbatean eta igandean, eta besteak beste, hauen lanak hartuko dituzte hizpide: Uxue Alberdi, Iker Alvarez, Maialen Berasategi, Julen Garate Azpitarte, Fertxu Izquierdo, Ismael Manterola, Elena Ferrante, Juan Martin Elexpuru, Kepa Altonaga, Arantxa Iturbe, Alaine Agirre, Yoseba Peña eta Iñigo Urdinaga. Egitarau osoa eta ordutegia, Literaturiaren webgunean: literaturia.eus.