Jon LEUNDA
sokatira

Azkoitian jarriko da abian Lur Gaineko Txapelketa

680ko mailako aurreneko jardunaldia izango da 17.30ean. 

Euskal Herriko Lur Gaineko Txapelketa gaur jarriko da abian Azkoitian,  17.30ean herriko liburutegiak dituen belardietan. Ez da berrikuntza handirik izango, eta eskerrak betiko taldeek aurrera jarraitzen duten, bestela ezinezkoa izango litzateke lehiaketa hau aurrera eramatea.

680ko lehen jardunaldia jokatuko da, eta Akelarre, Goiherri A, Gaztedi, Goiherri B eta Mutriku taldeak arituko dira nor baino nor. Gaztedi B eta Getxo ere jardungo dira gainerako pisuetan, baina honetan ez.

Hiru jardunaldiko liga izango dute eta horien ostean punturik gehien batzen dituen taldeak irabaziko du pisu honetako lehiaketa. Azken urteak erreferentzia bezala hartuta, garbi dago Goiherri eta Gaztedi izango direla bi faboritoak, azkeneko urte hauetan bien artean banatzen baitituzte txapelak, eta badirudi aurtengoan ere bide beretik joango direla.

Goma Gainean, berriz, Nafarroako Lauko Txapelketa hasiko da gaur Lesakako pilotalekuan, 17.00etan. Bertan, mutilak 320koan arituko dira, eta hor Beti Gazte, Berriozar A, Berriozar B, Antsoain eta Txantrea lehiatuko dira. Neskak 255ekoan arituko dira: Beti Gazte, Antsoain, Berriozar eta Kaskailueta. Gazteak eta kadeteak ere izango dira.