08 MAY. 2017 Berezkoak Intxauspek eta Amuletek irabazi dute Bigarren Mailakoa J.L. Intxauspek eta Amuletek 40 eta 29 hartu zituzten mendean Agirre eta Palomes, eta horrela lortu zuten Berezkoen Binakako Bigarren Mailako txapela, atzo eguerdian Milafrangan jokatu zen neurketan. Zaleek ere ez zuten erantzun handirik eman, harmailen erdiak bakarrik bete ziren, eta ez zen bertan pariatzailerik izan. Horrek garbi uzten du zaleek ez zutela aparteko interesik. Antolatzaileek aztertu beharreko beste kontu bat ere badute hor. Intxauspe eta Amulet ziren irabazteko faboritoak eta ez zuten hutsik egin, partida kaskar baten ostean. Beste aldean, berriz, Agirrek jokatu behar izan zuen, Laurent Lanbert min hartuta dagoenez ezin izan baitzuen jokatu. Lehen tantoan bakarrik izan zen berdinketa, hortik aurrera irabazleek abantaila hartu zuten, eta amaierara arte aise eraman zuten finala, jaun eta jabe izan baitziren. Agirreri begira asko zeuden, eta ez zuen bere egunik onena izan, Palomesek izan ez zuen bezalaxe, baina atzokoan aurkariak askoz ere gehiago izan ziren, eta aukerak ere ez zituzten asko izan. Beti atzetik ezinean aritu ziren, eta horrela zaila da gauza handiak egitea. Aurrean Intxauspek aise agindu zuen, baita atzean Amuletek ere, bere aurrelariari erraztasun handiak emanez. Finalak erakargarritasun gutxi izan zuen. Neurketak 62 minutu iraun zuen. Saketik hamabi kintze egin zituen Intxauspek, eta hiru besterik ez Agirrek. Jokoan, irabazleek 16 kintze egin, eta 8 besterik ez zituzten galdu. Agirrek eta Palomesek, aldiz, 18 kintze egin, eta 12 galdu zituzten. Finaleko markagailua honela mugitu zen: 1-1, 9-3, 17-4, 19-5, 27-12, 32-22, 36-24 eta 40-29.