GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Ez dago hitzik, ez dauka izenik


Azken egunetan irakurritako titular latzenak dio Estatu espainolean gaixo dauden presoei askatasuna noiz eman arautu dutela eta eta muga bat ezarri dutela: presoaren bizi-itxaropena bi hilabetekoa denean helduko da libre uzteko agindua. Neurriaz gauza asko esan da Euskal Herrian: ankerra, mendekaria... izan dira kalifikatiboak, eta asmoak eragin dezakeen sufrimendua burutik kendu ezinik, saiatu arren ez dut erabakia deskribatzen duen adjektiborik aurkitu.

Edozein egoera hartuta, epe laburreko heriotza zehazten duen diagnostikoa jasotzea izugarrizko kolpea da berez. Jasangaitza, gaixorik dagoen pertsonarentzat eta bere hurbilekoentzat. Egoera horretan norbait espetxe barruan mantentzeak –etxekoengandik urrun, ezagun askoak diren kartzelako baldintzetan– ez dauka izenik.

Neurriak hainbat irakurketa eta analisi juridiko izango ditu, baina zaila da arrazoi bat aurkitzea mutur horretaraino hel daitekeen erabakirik sikiera ulertzera hurbiltzeko.

Nahikoa litzateke gaixotasun batek jota bizitzaren bukaeran dagoen pertsona baten azalean jartzen saiatzea, eta ariketa beste aldean kokatuta errepikatzea, eta orduan galderak baino ez dira sortzen. Merezi du mendekuagatik mutur horretara heltzea? Nori egiten dio mesede horrelako neurri batek eragiten duen sufrimenduak? Nork irabazten du, hori bada kontua? Zein da asetako justizia? Zein beste sufrimendu arindu daiteke pertsona baten azken egunei eta bere senideei ankerkeria gehituz? Nor dago prest horren kargu egiteko? Ez dauka izenik.