GARA
BULTZADA

Egitarau oparoa maiatzaren 21eko Gipuzkoako I. Pilota Egunean

Gipuzkoako Pilota Federazioak Gipuzkoako I. Pilota Eguna antolatu du maiatzaren 21erako. Egunaren helburua lurraldeko pilotari eta pilotazaleak batzea izango da, sexu eta adin guztietakoak. Era berean, euskal pilota gizartean ikusarazteko eta jokamolde aniztasuna erakusteko ekimena izan nahi du. Hartara, esku pilota, pala, erremontea, zesta-punta, joko garbia, bote-luzea, pasaka eta pilota egokitua izango dira ikusgai. Guztira, mila pilotarik hartuko dute parte 250 partida eta erakustaldietan.

Egitarauaren berri emateko atzo egin zen aurkezpen ekitaldian jakinarazi zutenez, goiz osoan zehar jokamolde ezberdinetako partidak izango dira Amara auzoko pilotaleku ezberdinetan: Atano III.ean, Gaska trinketean, Carmelo Baldan eta Gaska kiroldegiko atzeko frontoi irekian. Era berean, kaleko presentzia areagotzeko, pilotaleku mugikor bat jarriko dute Ferrerias plazan eta eremu ireki egoki bat hautatuko dute euskal pilotako joko zuzenen erakustaldi bat egiteko.

Barrene solidario bat ere egingo dute 13.00 aldera, pilotaleku mugikorrean, pertsona ezagunekin –kazetariak, profesional ohiak, kultura zein telebista mundukoak...– eta ateratzen den dirua Crohn gaixotasuna duten pertsonak batzen dituen elkarteari laguntzeko erabiliko da.

Eta arratsaldean profesionalen jaialdi bat antolatu dute Atanon, Buruz Buruko txapelketaren 3. postuetarako partida hartuko duena, hain zuzen ere.