12 MAY. 2017 IKUSMIRA Utopiak berreskuratu Beñat Zaldua Kazetaria In the same Boat” dokumentala egon da aste honetan ikusgai Donostian eta Bilbon, Alternatibaren eskutik. Modu ederrean ekoitzitako globalizazioaren erradiografia latza da, irtenbide bezala Oinarrizko Errenta aurkezten duena; pertsona orok, arnasa hartzeagatik, jasoko duen errenta. Baldintza gabekoa, unibertsala eta banakakoa. Neurri aurrerakoi gisa aurkeztu ohi da, baina izan ditu defendatzaile sutsuak eskuinean (Milton Friedman, adibidez) eta kritika gogorrak ezkerrean (Michel Husson). Nik ez daukat batere garbi. Planteamendu ideala ezin hobea iruditzen zait: ikusita lanak ez duela jada balio pobrezia bukatzeko, aberastasuna birbanatzeko modu berria da. Aldi berean, praktikan baditu bere arriskuak: lanaren balioa debaluatzea edo instituzio publikoen papera ahultzea, adibidez. Ez da, ziurrenik, soluzio magikoa, baina Oinarrizko Errentak badauka bertute indartsu bat: utopia berreskuratzea. Dokumentalaren zati goibelenetako batean, Baumanek esaten du, bederatzi hamarkadako bizitzaren ostean, atzera begiratzean itxaropenen hilerri bat baino ez duela ikusten. Belaunaldi eszeptikoak gara gatozenak, XX. mendeko ezkerraren akats eta porrotak bizkar gainean daramatzagu. Gauza onak baditu zama horrek (pentsamendu magikoa murriztea eta errealitate printzipioa gailentzea, adibidez), baina pentsamendu utopikoa eta horrek sortzen duen ilusioa ere zapaldu egiten ditu. Inoiz helduko ez garela jakin arren, helmuga imajinatzea ezinbestekoa da noraezean ez ibiltzeko. Eta distopiak ez luke beldurra eman behar, distopia kapitalistan bizi garelako jada. Berriz ikasi behar dugu zailena ere posible dela (baita utopiari buruzko testu bat idatzi eta Galeano ez zitatzea ere).