Lintxamendua
Antzerkigintza Berriak deialdia Donostia 2016 baitan sortutako proiektu bat da idazleak teatro mundura erakartzeko. Mikel Gurrearen testu interesgarri hau lehenengo edizioan aukeratua izan da eta Tanttakaren esku heldu zaigu. Gurreak bolo-bolo dabilen eskola-jazarpenaren gaia hartzen du hizpide, pentsatzera bultzatu nahi duen obra bat ontzeko.
Ume bat gimnasioan urkatuta agertu ondoren, Rikartek jokatzen duen soinketa irakasleak herriaren epaia jaso beharko du, susmo arinetan oinarrituz eta ia-ia lintxamendura iritsita. Prozesu horretan zehar garamatza Gurreak maisutasunez, gertakarien erritmoa taxuz ezarriz eta jendarte aztoratuak erabili ohi dituen mekanismo makurrak bikain deskribatuz.
Rikartek lehendabiziko momentutik konbentzitzen gaitu bere paperean. Alde dramatikoan zein fisikoan, zoragarria da bere lana. Gertakari guztien berri bere ahotsez jakiten dugun arren, antzezpenak ez du inoiz tentsio dramatikoa galtzen, taula gaineko bere bakardadeak pertsonaiaren isolamendua nabarmentzen duelarik. Istorioan aurrera egin ahala, ikusleok ere barneratzen gara protagonistaren infernuan, bera inguratzen duen atmosfera itogarri eta asaldagarrian geu ere eroriz. Zentzu horretan, antzezpena ezin hobea da. Hori bai, esan beharra daukat istorioak azken partean hartzen duen norabideak ez nauela konbentzitu. Sinesgarritasunik gabeko zenbait jazoera sartzeaz aparte, korapiloa askatzean jazarpenaz azaleratzen den argazkia pittin bat irreala iruditu zait; edo behinik behin, uste dut ez duela kausetan sakontzen. Nire ustez, eskola-jazarpenaz diharduen proposamen dramatiko batek aspektu hori, hain zuzen ere, ikertu beharko luke.
Edozelan ere, argi dago Mikel Gurrea talentu handiko idazlea dela eta kalitate nabarmeneko obra bat eskaintzen zaiela ikusleei. Amaiera gehiago ala gutxiago gustatu, lanak publikoari erraietatik heltzen dio eta gaiaz hausnartzera bultzatu.