13 MAY. 2017 Heriotza Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria Heriotza baino gauza bitxiagorik ez dagoela esaten zuen amaren aldeko aitaitak. Bizitza osoan besteei tratu ankerra emandakoa santu bidean jar dezakeela esan ohi zigun. Aspaldiko kontuez ari zen edo, behintzat, guri, haur ginela, hala iruditzen zitzaizkigun. Hogei urtetik gorako edonor “zahartzat” jotzen genuen modu berean. Aspaldiko kontuak, ordea, ez direla hain aspaldiko jabetu ginen nagusitzean. Oro inguratzen dute iraganeko kontuek, hainbeste urtez, hamarkadez, isilarazita eduki ostean. Isiltasunaren hitzarmena, bakea bermatzearren. «Bakea» bera hitz bitxia da. Bizitza osoan besteei tratu ankerra emandakoek erabiltzen dute beren okerrak epaitu ez daitezen. Hobe gauzak bere horretan utzi, iraganeko mamuak ez xaxatu, bakeari aukera bat eman ahal izateko. Bakea haientzat, justiziarik eza besteentzat. «Justizia»-k hitz indartsua dirudi. Hura aipatu eta oro isildu egiten da; a, bai, Justizia. Horrela, letra larriz, urruneko zerbait balitz bezala baina noizbait gauden toki eta garai honetara helduko den itxaropenarekin. Baina, egiazki, efektu kontua baino ez da. J. L. Austinek teorizatu zuen hizkera ekintzaren oso bestelakoa da justizia hitzarekin gertatzen dena. Esate hutsarekin ez du ezer egiten; aitzitik desagertu egiten da, auskalo nora. Hain ohituta zegoen gure aitaita kontu hauetara, ezen bestelako aukerarik existitzen ez zen ustearekin hil baitzen. Gizon arrunta izanik, ez zuen santu bidea hartu.