14 MAY. 2017 Mario Espliegok «elementu hutsalen ideologia» arakatu du Mario Espliego bekadun artistak BilbaoArten erakusketa bat inauguratu du, forma eta elementu hutsalenetan modu inplizituan dagoen ideologiaren inguruan. Maiatzaren 11tik dago ikusgai, 31ra arte. GARA BILBO Mario Espliegok artea «eraikuntza eta ezarpen ideologikorako teknologia» izan daitekeela erakutsiko du BilbaoArten, maiatzaren 11tik 31ra bitartean. Espliegok, 2016an beka bat lortu zuen “Artefactos del Encantamiento” izendatu duen erakusketa osatzeko eta, bertan, artista «jendeak, oro har, bere eginda dituen konbentzio batzuk dislokatzen» ahalegintzen da, «gure errealitatean dauden artefaktu txiki-txikiak ikusgai jarriz». Erakusketaren abiapuntua bisitariaren arreta erakartzeko asmorik ez duen irudi bat da. Bertan, oinetakoak orpoan egindako urradura, sortutako zauri arina, agertzen da. Egilearen iritziz, urradura horrek «barruan biltzen du hasieran hutsaltzat jo daitekeena baino askoz problematika zabalagoa». Espliegok argudiatu du orbain horrek agerian uzten duela nola hegemonia «beti ezartzen den indarkeriaren bidez». Erakusketaren dinamikari begira, kasu hori hari loteslea izango dela ere azaldu du. Bilboko Udalaren ekoizpen artistikoaren zentroko erakusketa-gela okupatzen duten piezek, gehienak eskulturak, kasu jakin batzuen konbinazioen bidez egituratutako instalazioa eratzen dute: paristar talde eskultoriko apaingarri bat, krokodilo batzuen estatuek osatua, zeinu ideologiko bilakatzen da; forma suabe eta bihurriek indarkeria ideologikoaren praktikak ekarriko dizkigute gogora; liderrak goratzen dituzten loreak edo euren izaera burgesagatik gutxietsitako loreak; gerra-artefaktu bihurtzen diren margo-geometriak; ideologiaz betetako oihal-ereduak; eta abar. Artefaktu txiki-txikiek, eguneroko elementuek, «gure arreta inola ere erakartzen ez duten elementu sotilek, daukaten gaitasuna eta gordetzen duten eduki politikoa deskubritzera» gonbidatzen gaitu Espliegok BilbaoArtera dakarren erakusketa honek.