15 MAY. 2017 GUTUNAK Cristina Uriarterentzat Hezkuntza Bereziko hezitzaileon partetik ESTER PINILLA, MAIDER RUIZ DE GORDOA ETA EDURNE UGARTE LAB, ELA eta Steilas Hezkuntza sailburu agurgarria: Hezkuntza Bereziko hezitzaileok geure burua aurkeztu nahi dizugu, nortzuk garen ez dakizula ematen baitu. Bestela, nola uler daiteke kargu horretan daramazun denbora osoan gutaz aipamen txiki bat ere ez egitea? Inoiz ez dugu entzun zure ahotik inolako aipamen publikorik Hezkuntza Bereziko hezitzaileoi buruz, ez onik ez txarrik. Ezer ere ez, zero! Sinesten ez baduzu ere, fisioterapeutak, zeinu hizkuntzako interpreteak, hezkuntza laguntzako espezialistak, terapeuta okupazionalak eta transkriptoreak Hezkuntza Saileko langileak ere bagara. Bai, horrela da. Irakasleez gain, ikastetxeetan beste hainbat profesionalek lan egiten dugu, zuek hitz politekin saltzen duzuen eskola inklusiboa kalitatezkoa izateko. Ezagunak egiten gatzaizkizu? Oraindik ez? Pista gehiago emango dizugu. Egiten duzun kudeaketari esker, baita zure aurrekoenari esker ere, 2003ko hitzarmenarekin jarraitzen dugu. Ez, ez da broma! Gure lan-baldintzetan aurrerapausoak eman ahal izateko hainbat saio egin dugu, ez pentsa! Baina sekula ez gaituzue aintzat hartu, eta erantzun bat eman diguzuenean, gure itxaropenak zapuzteko izan da edo lanean aurkitzen ditugun arazoei beste batzuk gehitzeko. Hori da zuen kudeaketa bikaina! Behin-behinekotasuna %58koa, lanaldi bukaezinak, ordutegi oso estuak, gero eta lan zama handiagoa, erdi mailako teknikarien soldatak homologatu gabe, koordinazioak egiteko oztopoak, lanagatik sortutako gaixotasunak errekonozitu gabe, prestakuntza mugatua... horiek ditugun arazoetariko batzuk baino ez dira. Hori dena errealitatea da! Zuk ikusi, entzun eta ezagutu nahi ez duzun errealitatea. Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleek jaso behar duten hezkuntza kalitatea kaltetzen duen errealitatea. Oztopoak oztopo, gure lanaren kalitatea mantentzeko langileok egiten ditugun esfortzuek muga bat daukatelako eta, azkenean, gutaz gain ikasleek ere ondorioak pairatzen dituztelako. Egoera hau zuzentzeko arduraduna zeu zara, Uriarte anderea. Ezin duzu hezkuntzaren kalitatearen ardura guztia langileon eskuetan utzi gure lan-baldintzak urratzen dituzun bitartean. Oso itsusia da hori egitea! Eta ez dizugu onartuko hori egiten jarraitzea. Hori dela eta, eta arrazoiak sobera ditugulako, LAB, ELA eta Steilas sindikatuok Hezkuntza Bereziko hezitzaileak, hezkuntza publiko ez-unibertsitarioko gainontzeko langileekin batera, maiatzaren 16an eta 23an greba egitera deitu ditugu. Eta, noski, deialdi honen aurrean zure mespretxuzko adierazpen publikoak helarazi dizkiguzu mahai sektorialera irakasleak soilik konbokatuz eta Hezkuntzan lan-egoera prekarioagoa pairatzen dugun langileok baztertuta uzten jarraituz. Ba, entzun ondo, Uriarte anderea: greba hauek ez dira irakasleenak soilik.