15 MAY. 2017 Eskalada Trad estiloko bideetan atseden handirik ez dago Suitzako Cippo-ko eskalada eskolan, Barbara Zangerl eta Jacopo Larcher-ek «Gondo crack» bidearentzat 8c proposatu dute. Bitartean, Annot-en, James Pearsonek «Le Voyage»-ren (E10 7a) lehena egin du. Última actualización: 15 MAY. 2017 - 07:50h Andoni ARABAOLAZA Nahiz eta ohiko “faktorietatik” at izan, eskalada tradizional edo trad estiloak albisteak ematen jarraitzen du. Zailtasunaren inguruan izan duen bilakaerari begiratzen badiogu, argi eta garbi geratzen da, eskaladaren beste espezialitateetan ez bezala, aipatzen ari garen honetan duela urte asko langa erabat geldirik dagoela. Duela bederatzi urte, Beth Rodden-ek eskalatzaileen komunitatea ahoa bete hortz utzi zuen Yosemiteko haranean “Meltdown” bidea kateatu zuenean. Estatubatuarrak 8c+ (5.14c) proposatu zuen; hots, trad estiloan munduko biderik gogorrena. Izan ala ez izan, gaurdaino “Meltdown” ez du inork errepikatu. Horren ondoren, zailtasun horren inguruko bideren bat edo beste igo da. Iazko urtearen amaieran, adibidez, Ethan Pringlek Kaliforniako The Promontory-ko itsaslabarrean “Blackbeard´s Tears” marraren lehen igoera egin zuen. Eta honek ere 8c+ bezala aurkeztu zuen. Hori guztia aipatu ondoren, trad-ean gradu hori gorentzat har genezake. Nahiz eta 8c+ gradura heltzeko beste eskalatzaile batzuk saiatzen ari diren, aurreratu behar dugu muga horretara iristea ez dela erraza gertatzen ari. Koska bat beherago lan ederra egin berri dutenak Barbara Zangerl eta Jacopo Larcher izan dira. Suitzako Cippo izeneko eremuan “Gondo crack” bideari puntu gorria jarri ordez, berdea ezarri diote. Horrekin esan nahi dugu berez marra horrek duela urte asko puntu gorria (era askean igotako lehen aldia) bazuela, baina orain dela gutxi eskalatzaileok bideak dituen txapak erabili gabe (hots, beren burua friend eta fisureroekin babestuta) kateatu dute. Horri batzuek puntu berdea deitzen diote. Beraz, txapak ondoan baditu ere, arrisku faktorea hor dago. Hori dela eta, “Gondo crack” orain 8c R graduarekin geratzen da. Bide hori duela 15 urte ekipatu zen, baina, Zangerlek adierazi duenez, duen artesiak trad estiloan eskalatzea eskatzen zuen: «Lehen aldiz probatu nuenetik, artesi hori buruan bueltaka izan dut. Argi neukan txapak erabili gabe igo nahi nuela; izan ere, artesi hori opari eder bat da. Eta horretaz gain, erronka askoz ere zirraragarriagoa delako. Materiala jartzea gogorra eta nekagarria izan zen. Beraz, buruarentzat kristoren erronka zen; batez ere, bidearen giltza, azken segurua oso urrun dagoelako. Eskalada tradizionalean pixkanaka gora egiten ari naiz, alegia, nire mugak pixkanaka gainditzen ari naiz». Eskalatu berri duten bidearen inguruan, Larcherrek adierazi du bertakoentzat oso berezia dela: «Duela 15 urte ekipatu zen. Artesi fin bat dauka, ezkerraldera jotzen duena. Eta erori pixka bat ere badu. Bidean dagoen atsedenlekuraino erraza da (7c), eta azken metroek dute zailtasun guztia. Bertakoentzat xede erakargarriena izan da; besteak beste, azken metro horietan erortzen zirelako». “Gondo crack”, berez, iazko urrian probatzen hasi ziren; hots, Yosemitera egin behar zuten bidaiaren aurretik. Zangerl-ek adierazi duenez, goialdean dagoen bidearen giltzari zirrikituren bat aurkitzea kosta egin zitzaien: «Argi geneukan denbora eskatuko zigula. Arroka oso leuna da eta hainbat puntu irristakorrak ere bai. Saioak egiteko denbora gutxi genuenez, xede hau udaberrira atzeratzea erabaki genuen. Aldez aurretik, Katalunian kirol eskalada egiten izan ginen, gure sasoia puntuan jartzeko. ‘Gondo crack’-era itzuli ginenean, lehen ekinaldietan marrak dituen paraboltetan segurtatu ginen. Bidearen pausoak eta sekuentziak menderatuta genituenean, orduan friendekin eta fisureroekin jardun genuen. Ni izan nintzen lehen igoera hori lortu zuena; ondoren, Jacoporena iritsi zen». Bestalde, esan behar dugu trad estiloan jarduten duten espezialista askok ez dutela begi onez ikusten bikote horrek eskalatu duen era. Beste era batera esanda, bide ekipatu bat, baina norberaren burua babestuz; besteak beste, trad estiloak bere baitan duen printzipio bat arintzen duelako: arriskuarena. Zergatik hori? Bada, txapak ondoan dituztelako. Honen guztiaren inguruan Larcher-ek hau dio: «Jakin badakit batzuentzat guk hartutako erabakia ez dela oso ulergarria. Baina guk tresneria tradizionalarekin eskalatu nahi genuen. Ageriko artesi bat da, eta uste dugu paraboltak erabili gabe eskala daitekeela. Eskalatzen genuen bitartean friendak eta fisureroak jartzea zirraragarria izan da: eskarmentu purua eta intentsoa. Ez dut uste asko arriskatu dugunik, baina hori era egokian epaitzea zaila da oso. Azken bi piezak bidearen giltza egin aurretik jarrita daude; beraz, azken metroak oso-oso garbi daude. Gainera, kontuan hartu behar da azken metro horiek zailenak direla. Ipintzen den azken friend-a ona da, baina balizko eroriko batean friend-a ateratzen bada, ziur aski zoruaren kontra joango zara». Annot-en beste bat Hurrengo protagonista James Pearson da. Eskalatzaile britainiar honek ondo baino hobeto daki trad estiloa zer den. Espezialista handia da. Munduan zehar bidaia asko egiten ditu, eta, hain zuzen ere, estilo hori ohikoa ez den eskalada eremu batera eraman du. Kirol eskaladan eta blokean sona handia duen Frantziako Annot-i buruz ari gatzaizkizue. Bada, alderdi horretan Pearsonek “Le Voyage” bidearen lehen igoera egin du. Aurreko protagonistek ez bezala (paraboltak ondoan zituzten), britainiarrak marra horrentzat E10 7a proposatu du. Zailtasun teknikoari begiratzen badiogu, gure eskalan 8b+ gradu ingurukoa izango litzateke. Berez, Annot-etik izaera honetako berriak jasotzea ez da batere ohikoa, baina britainiarrak berak adierazi du duela hamarkada bat baino gehiago, isilean bada ere, bertako eskalatzaile batzuk trad estiloari ateak zabaldu zizkiotela: «Harritu naiz hango eskalatzaileek eginiko lanarekin. Baso horretan dauden murruak landaretza oparoa dute, eta hori garbitzen lan eskerga egin eta gero, artesi perfektuak bilatu eta garbitu dituzte». Eskalada tradizionaleko puntako eskalatzaile hau, beraz, harri eta zur geratu da eremu horrek ematen dituen aukerekin. Inguru hartako paretak aztertzen izan da, eta, Pearsonek berak onartu duenez, Annot-ek duen potentziala ikaragarria da: «Denetarik aurkitu dut: marra laburrak baina eskala daitezkeenak, beste murru batzuk ezinezkoak direnak… Oro har, leku ederra da; eta trad-eko marra ikaragarriak ditu! Murru horietara hurbiltzea ez da batere erraza, baina horien artean agerikoena Chambre du Roi izenekoa da. Paretak erori pixka bat du, eta bitan erdibitzen duen eta oso jarraitua ez den artesi bat du; gutxi gorabehera, 40 metro. Artesia amaitzen denean, zulo txiki batzuk agertzen dira, eta horietan tresneria sartzea ez da batere erraza». “Le Voyage” bidean izan duen prozesuari buruz, protagonista honek esan du horri guztiari zentzua aurkitzen bost egun kosta zitzaiola: «Prozesua zeharkaldi luze bat izan da. Lehen egunetik hasita; ez nintzen gai mugimenduak ulertzeko. Eta bukatu, azken heldulekuarekin. Inolako zalantzarik gabe, inoiz egin dudan trad-eko biderik zailenetarikoa izan da». Eskalatu berri duen bidearen zailtasunak alde batera utzita, Pearsonek onartu du benetako garrantzia bideak duen edertasunari ematen diola: «Helduleku bat kentzen badiozu, argi izan bidea ezingo dela eskalatu. Naturaren mirari bat da! Eta hori Annot-en aurkitzea berezia izan da oso. ‘Le Voyage’ inoiz egin dudan marra onena da. Badakit bide hau E10 7a dela, eta trad-ean jarduten duten britainiarrak ez direnentzat ez duela zentzu handirik. Horiei eskatzen diet jakin-mina izan dezatela, hots, ‘Le Voyage’ proba dezatela, besteak beste, ezusteko ederra jasoko dutelako. Nahiko ondo babesten da, eta tentea ere bada. Beraz, erorikoak ez dira oso-oso arriskutsuak. Eta, gainera, oso dibertigarria da». TRAD ESTILOA Barbara Zangerl eta Jacopo Larcher-ek «Gondo crack» marra (8c R) egin dute. James Pearsonek, berriz, «Le Voyage» (E10 7a).