Jon LEUNDA
Aizkora

Vicente da Urrezko finalean sartu den aurrenekoa

Otsagabiko gazteak Jon Rekondo eta Eneko Otaño menderatu zituen.

Iker Vicente da Buruz Buruko Urrezko Aizkorako finala jokatzeko sailkatu den aurreneko aizkolaria. Herenegun jokatu zuten finalerdian bera izan zen onena. Bigarren Jon Rekondo sailkatu zen, eta hark beste kanporaketa bat jokatu beharko du, eta irabazten badu, finalean izango da. Eneko Otaño izan da kanpoan geratu dena, azken geratu baitzen Orozkon jokatu zen finalerdian.

Aizkolariek bost lan egin behar izan zituzten. 45 ontzakoa erlojuz kontra ebaki behar izan zuten lehenik. Ondoren, tamaina bereko enborra zutik jarrita moztea egokitu zitzaien. Hirugarrengoan, oinbikoa izan zuten aurrean. Laugarrengoan, zutik jarritako 45 ontzako bat eta etzaniko kana-erdikoa moztu behar izan zituzten, eta azkenik, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar izan zituzten.

Lehen lanetik hasi zen Vicente aurrea hartzen. Lana 48 segundoan amaitu zuen. Lau segundo gehiago behar izan zituen Rekondok, eta bederatzi gehiago Otañok. Bigarrengoan ere Otsagabikoa izan zen onena. Minutu bat eta 22 segundoan bukatu zuen jarduna. Beste hamar segundo sartu zizkion Leitzakoari, eta 55 segundo Beizamakoari.

Hirugarrengo lanean, ordea, Jon Rekondo izan zen aizkolaririk azkarrena, berea 4 minutu eta 25 segundoan amaituta. Bigarren izan zen Otaño 14 segundora, eta Vicente, berriz, hirugarren 16 segundora. Laugarrengoan, berriro Iker Vicente izan zen onena, bere jarduna 3 minutu eta 2 segundoan bukatu zuen. 12 segundora sartu zen Jon Rekondo, eta minutu eta 25 segundora Eneko Otaño gipuzkoarra.

Iraupen proban Leitzakoa izan zen azkarrena, bere jarduna 12 minutu eta 14 segundoan ebakita. Otsagabikoa 12 segundora sartu zen, eta Beizamakoa minutu eta 24ra. Lan guztiak burutzeko, 22 minutu eta 19 segundo behar izan zituen Iker Vicentek. 22 minutu eta 27 segundo, berriz, Rekondok, eta 26 minutu eta 18 segundo, Otañok.

23 urtez azpikoetan, berriz, Oier Kañamaresek lortu zuen finalerako txartela, atzo Larrea III.a mendean hartu ostean.

Harri-jasotzea

Pastorkuaren Oroimenezko Torneoan Joseba Ostolatzak irabazi egin zion Iñigo Eizagirreri Orozkon jokatutako saioan. Zestoarrak bolarekin erabaki zuen auzia. 125eko errektangularrari 17 jasoaldi eman zizkioten bi harri-jasotzaileek. 113ko kubikoarekin ere berdinduta geratu ziren berriro ere. Oraingoan 13na jasoaldi eman zizkion kirolari bakoitzak. Azkenik, 100eko bolarekin lehiatu ziren. Ostolatzak 17 eman zizkion, eta zarauztar gazteak, berriz, 14. Denera, Ostolatzak 47 jasoaldi lortu zituen, eta 44 jasoaldi, berriz, Eizagirrek. Ondorioz, Joseba Ostolatzak eskuratu zuen hurrengo kanporaketan aritzeko txartela.