Zer izanen den
Senpereko lakuan idatzi nituen lerro hauek atzo, bizitakoaren lekukotasuna ematearren beharbada, ni ez diren besteak hemengo protagonista bihurtzearren agian, edo egiteke ditudanak azken unera arte uzteko dudan ohitura maniatikoagatik, apika. Baina Senpereko aintzira baino borobilagoa irten zen atzoko eguna, bai eguraldiz, baita jendez ere, eta berdintsu aldarriz; honela, euskarak Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako lurretan bizi ahal izateko zilegitasun osoa duela aditzera eman zuen Herri Urrats festak. Aizu eta haizu aldarrikatu zuten Seaskakoek, euskara bermatzeko sehaska nahikoa ez dela argiki adieraziz; aizu, h-rik gabe, zentzuz betetako mezu bat igorriz euskal munduari, eta bide batez beste mundu guztiari, haizu, h-rekin, mundu honetan beste euskal mundu bat posible dela ohartarazteko, non adibidez Baionan, Maulen, Uztaritzen, Duzunaritzen edo Eiheralarren sortutako haurrek irakaskuntzaren zikloa euskaraz hasi eta bukatzeko eskubidea bermatua izanen duten, hots, Bidasoaz haraindi sortu diren haur gehienek duten gisa. Ofizialtasunaren zain jarraitzen duelako lurrotan gure hizkuntzak, batzuei kulturaren atxikitzea aski zaien inguruabarrean bestetzuek lanean jarraitzen dutelako isilean, eskakizunekin, edo aizu oihuka nonork entzungo diela usteta. Atzo, historiaz hitz egin zidanik hurbildu zitzaidan, festaren sorrera aipagai zutela, orainaz hitz egin zidaten anitzek, ilusioaren gaindosiaz, eta guttiago ziren etorkizunaz mintzatu zitzaizkidanak. Zaila baita jakitea zer izanen den, baina ez haiek soilik, guk eginen dugu (h)aizu, zuk eta nik, bestela ez da posible izanen.