Ekainaren 2an estreinatuko da Juanba Berasategiren azken filma
Toti Martinez de Lezearen eleberrian oinarritutako lehenengo animaziozko filma da «Nur eta Herensugearen Tenplua», Juanba Berasategik zuzendu zuen azkenengo lana. Ia bi urteko prozesuaren ondoren, datorren ekainaren 2an estreinatuko da.
Gaztetxoen artean “Nur” liburuek izandako arrakastaren ostean, ekainaren 2an estreinatuko du Lotura Films ekoiztetxeak “Nur eta Herensugearen Tenplua” filma. Toti Martinez de Lezearen “Nur” bildumako hirugarren liburuan oinarritutako lehenengo animaziozko filma izango da.
Ia bi urteko prozesu neketsu baina aldi berean aberasgarria izan dela aitortu zuen atzo filmaren sorkuntza prozesuan lanean aritu den Lotura Filmseko lantaldeak. Elkarlan ariketa bat izan dela esan zuen Eneko Olasagastik: «Guretzat garrantzitsua izan da prozesuan Totiren ekarpenak jasotzea, modu horretan pelikulan idazlearen esentzia txertatzen saiatu gara». Emaitzarekin pozik agertu zen Martinez de Lezea idazlea eta filmak liburuek izandako arrakasta gaindituko duelakoan da: «Pelikula dibertigarria da, liburuek duten abenturazaletasuna mantentzen du eta horregatik gazteei asko gustatuko zaiela pentsatzen dut».
Nur bere gurasoekin batera Larrabetzutik Txinara joan da bizitzera. Bertan lagun berriak egin ditu eta beraien lagunen urtebetetzea ospatzera jolas parke erraldoi batera joango dira. Horietako bat aldendu eta bere bila abiatuko dira Nur eta bere lagunak, baina bidean labirinto batean barneratuko dira eta bertatik ateratzeko buruhauste ugari izango dute gazteek. Abentura, irudimena eta jolasa ardatz izango ditu estreinatuko den film berriak. «Azken finean, haur eta gazteen artean balio positiboak sustatzea ere garrantzitsua da eta horretan ikus-entzunezkoek funtzio garrantzitsua bete dezakete, entretenimenduaren eta aisialdiaren bidez balio hezitzaileak sustatuz», gaineratu zuen Miren Berasategi ekoizleak.
Filmaren aurrestreinaldia maiatzaren 27an egingo da Donostiako Principe zineman, eguerdiko hamabietan. Bertan izango dira Lotura Filmseko lantaldeko kideak, baita Toti Martinez de Lezea bera ere.
Lana momentu berezian estreinatuko da. Izan ere, zuzendari izan duen Juanba Berasategi iragan apirilaren 28an hil zen, ia ustekabez –aste gutxi lehenago jakin zuen gaixorik zegoela–. Berasategik berak sortu zuen Lotura Films ekoiztetxea 1992an eta ordutik animazioa izan du ardatz, nahiz eta tartean dokumentalak ere ekoitzi diren, horien artean “Tormesko itsumutila” edo “Barriola San Adriango azeria”. «Juanba joan den arren, Loturako lantaldeak orain arteko ibilbidearekin eta euskarazko ikus-entzunezkoen munduan egindako lanarekin jarraitzeko asmo irmoa dauka», adierazi zuen Miren Berasategik. Filmak sustapen kanpaina abiatu du eta Ibilaldian (maiatzak 28) eta Eskola Publikoen jaian (ekainak 4) izango dira.