Jaime VALVERDE
ANTZERKIA

Epikoa eta komikoa

Interes antropologiko itzela duen entretenimendu bat izateaz gain, karaokea ikuskizun bat da berez; nire ustez, genero epikoa eta komikoa ondoen uztartzen dituenetakoa.

Jeneralean, bere abesti kuttuna mikrofonoaz kantatzen duenarentzat epikoa izaten da; kanpotik ikusten duenarentzat, berriz, komiko samarra. Edozelan ere, karaokea plazara ateratzeko modu bat ere bada, plazarik gabe geratzen ari den garai honetan.

Miss Karaoke edozein da: aktoreak, idazlea, zu, ni; existentziaren plazara identitate batean haragiztaturik ateratzen den oro, bere izatearen mugez inoiz galdetu duen oro. Hain zuzen ere, galderak dira Guillanen testu eder honek, “Antzerkigintza berriak” deialdian aukeratuak, proposatzen dituenak: Zerk definitzen zaitu? Zure hautuek? Hautatu ezin izan duzunak? Komunikatzeko darabilzun hizkuntzak? Karaokean aukeratu duzun abestiak? Erantzunen ardura, ordea, ikuslearen esku geratzen da.

Bakarrizketa xelebreak, umore absurdoa, aho-korapilo kontzeptualak: obra paregabe honetan, Metrokoadroka eta Pez Limbo kolektiboek L’Alakran antzeztalde apartaren eskola berreskuratzen dute.

Alegia, clown izpiritua hizkuntza performatiboan txertaturik, gai sakonak, existentzialak askotan, komikotasun bihurri eta absurdo batekin jorratzeko.

Gure antzerkian hain errotuta dagoen istorioaren beharra gainditu eta eszenen arteko lotura lineala desegiten da. Esketx bakoitzean gai nagusiaren orbitan dabiltzan ideiei tonu eta formatu desberdinekin heltzen zaie.

Oier Guillanen lanetan ohikoa den bezala, testu poetikoaren eta teatralaren arteko muga urtzen da. Genero-hertsadurak kolokan jartzen dira eta nabarmentzekoa da gorputzak hartzen duen protagonismoa bere lanean, hala gogoetan nola taularatzean.

Aktoreen lan bikainean bermatuta, identitateari buruzko hausnarketa teatral honek une epiko zein komiko handiak eskaintzen ditu. Pozgarria da ikustea Metrokoadrokak pauso irmoez jarraitzen duela euskal teatroan bide berriak garatzen eta, gainera, Pez Limboren moduko bidaia-lagunak topatu dituela.