GARA
IRUÑEA

Javier Valverderen paisaiak ikusgai Mistoen Eraikinean

Denera 38 artelan, hiru hamarkadetan luzatu den ibilbidearen lekuko, jarri ditu ikusgai Javier Valverdek margolariak Iruñeko Mistoen Eraikinean. Naturak hartu du lekurik handiena erakusketako lanotan eta bisitarien begia artistak erabilitako koloreetara doa.

Olio-lanak dira gehienak Javier Valverdek (Donostia, 1956) Iruñean aurkezten duen erakusketan. Pastelak ere badaude. Eta bost pieza (kaxak, eskulturak...).

Artistak erabili ohi duen teknika bereziaren eraginez bada bere margolana errealismo magikotik hurbil dagoela dioenik. Olioak dira artistaren eremu naturala, eta lan baten eta bestearen artean «atseden» hartzeko jotzen du pastelak egitera.

Kulturako zuzendari Maitena Muruzabalek eta artistak berak aurkeztu zituzten erakusketa osatzen duten lanak joan den ostiralean.

Kolorearen erabilera eta lanen konposizioa nabarmentzen dira Valverderen lanetan. Ezer ez da dirudiena. Planoak bata bestearen gainean jarrita daude eta badirudi oroimenean iltzatutako paisaiekin nahasten direla.

Inguratzen duenari begira bizi da artista. Paisaiari. Pirinioei dien maitasuna nabaria da bere artelanetan. Baita lur lehorrari ere –hala dio berak–. Zantzu surrealista ere antzematen da.

Iruñeko Mistoen Eraikinera sartu eta egin dituen azken olio-lanak eta pastelak ikus daitezke. Harago, gelaren hondoan, garai bateko artelanak daude, 90eko eta 2000ko lehen hamarkadatan eginak.

Bisitariari zuzendutako jolas txiki bat ere prestatu dute. Hasierako garaian, 80ko hamarkadan, margotutako bi koadro daude eskegita aretoan baina bisitariak asmatu egin behar du zeintzuk diren. Eta ez da erraza. Lasai ederrean daude gaur egungoekin nahastuta.

Iruñeko Mistoen Eraikinaren beheko aldean irekita dagoen erakusketa datorren uztailaren 2ra arte egongo da zabalik. Udako ordutegia izango du, asteartetik ostiralera 18.30etik 21.00etara; larunbatetan 12.00etatik 14.00etara eta 18.30etik 21.00etara; eta igande eta jaiegunetan goizez bakarrik, 12.00etatik 14.00etara.