GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Monarkiak


Frantzia ederra, xuria, aberatsa dugu gobernuan. Ministroen hautaketak ez du irekidura irudia erakusten. Bestalde, prentsarekiko jarrera nahiko berezia azaldu dute; zein kazetarirekin lan eginen duten erabakiko dutela agertu da. Hala, Afrikara egin duen lehen bidaian Macronekin zein kazetari eta zein prentsa-agentzia etorriko zen Eliseoan erabaki dute. Akreditazio mugatuak nahi dituzte. Prentsa horrenbeste baliatu duen presidentziarentzat nahiko jarrera arraroa. Prentsarekiko kontrol handia. Monarka itxura.

Herritarrei irekia omen. Hollanderen politikari jarraituz, gero eta gehiago eskuineranzko norabidea ikusten diogu Macroni. Ekonomian Senpere ezagutzen duen eskuineko ministroa eta ekologian Notre Dames des Landes-eko aireportuaren txostena bulegoaren gainean izanen duena. Garaian, Nicolas Hulot-ek aireportuaren kontra hitz egin zuen. Ministro gisa zer eginen du aireportuari buruz erreferenduma egin ondotik proiektuari baietza eman eta gero. Ezingo du bazter utzi enfrentamenduek hildako bat utzi zutela. Nola eginen du proiektua inposatzeko? Nolako pedagogia emanen du martxan. Aireportuaren kontrako mugimendua determinatua da, oso egun latzak heldu direla asma daiteke.

Bayrou justizian. Atsekabetuak utzi gaitu Taubira andereak. Esperantza genuen euskal gatazkaren inguruan urrats batzuk eginen zituela. Baina ez zen deus heldu. Taubira joan zen. Aldi honetan badakigu Bayrouk euskal presoen problematika ezagutzen duela. Lasserre senatariak hitzordua hartua duela jakinarazi du eta gaia aipatuko dutela. Sinetsi nahi dugu zerbait mugituko duela. Ez da nahi duguna, denak etxean nahi ditugulako, baina departamenduan presondegi bat eraikitzen ari direla badakigu, hurbilketarako aukera litzateke.

Hauteskundeak berriz heldu dira eta diputatuak hautatu behar. EH Baik bere hautagaiak izanen ditu. Anita Lopepek aukerak baditu eta agian emaitza onak baino gehiago ikusiko dugu. Arerio nahiko pattalak ditu eta ez da lehen aldia aurkezten dela. Sorpresa bat agian!

Lasserre senatari, bere alaba Macronen hautagai kostaldean, monarkiak dudarik gabe!